Gizartea -
DELITUAK
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, hutsik dagoen etxebizitza bat okupatzen saiatzeagatik
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, joan den ostiral arratsaldean izan ziren atxiloketak Ozeano Barearen kaleko eraikin batean.
EITB MEDIA
Hiru pertsona —27 eta 42 urteko bi gizonezko eta 29ko emakumezko bat— atxilotu zituzten, joan den astean, Gasteizen, hutsik dagoen etxebizitza bat okupatzen saiatzeagatik.
Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, ostiral arratsaldean izan ziren atxiloketak Ozeano Barearen kaleko eraikin batean. Bizilagun batek eman zuen abisua, etxebizitza baten atarian hainbat ezezagun ikusi ondoren.
Agenteak esandako tokira bertaratu zirenean, bi gizonezko etxe bateko sarrailari kolpeka aurkitu zituzten, emakume batek eskailera-burua zaintzen zuen bitartean. Hainbat erreminta eta bi sarraila atzeman zizkieten.
Kalteak eragin zituztela baieztatu ondoren, hirurak atxilotu egin zituzten, usurpazio saiakera delitua eta kalteak eragitea egotzita.