Gizartea -
OSASUNA
Pediatriako zainketa aringarrien egitura espezifikoa izango du Osakidetzak
Euskadiko Zainketa Aringarrien Aholku Batzordea eratzea eta esparru ezberdinen arteko profesionalen lana koordinatzeko sarea sortzea ere aurreikusten dira. Zainketa aringarrien lehen unitateak 1990ean jarri ziren martxan EAEn.
EITB MEDIA
Pediatriako zainketa aringarrien egitura espezifikoa izango du Osakidetzak, helduei eskaintzen zaien zerbitzutik bereizia. Besteak beste, Diziplina Anitzeko Lantaldea eratuko da EAE osorako, eta horren egitekoa izango da lurralde bakoitzeko baliabideak koordinatzea, zainketa aringarriak behar dituzten haurrei ahalik eta osasun zerbitzu osatuena bermatzeko. Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako Etxeko Ospitalizaziorako Unitatetik bideratuko da lana.
Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur aurkeztu duen 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren berrikuntza nagusietakoa da hori. Alor ezberdinetako 50 bat profesionalek eta elkartek landutako plana da, eta "zainketa aringarrien zerbitzu integrala eta kalitatezkoa bermatzea" du helburu, zainketa horien beharraren identifikazio goiztiarra erdigunean jarrita. Horretarako, gizarte erakundeekin eta zerbitzu soziosanitario ezberdinekin elkarlana bilatuko da.
Gasteizen egin duen agerraldian, Quintasek aurreratu du osasun sistema heriotzatik gertu dauden pertsonen beharretara egokitzea dela asmoa, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, eta ez pertsona egokitu behar izatea sistemara.
Euskadiko Zainketa Aringarrien Aholku Batzordea eratzea eta esparru ezberdinen arteko profesionalen lana koordinatzeko sarea sortzea ere aurreikusten da. Formazioa eta ikerketa bultzatuko dira hori guztia lortzeko.
Zainketa aringarrien lehen unitateak 1990ean jarri ziren martxan EAEn.