Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Erkoreka: "Ez zegoen modurik bermatzeko Osasunaren autobusaren segurtasuna"
Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azalpenak eman ditu atzo Athletic eta Osasuna taldeen Kopako partidaren atarian gertatutakoari buruz. Argitu duenez, jendetza zegoen, eta Athleticen autobusak erasoak jaso ostean, talde gorritxoarekin gauza bera ez gertatzeko beste bide batetik eraman zuten.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azalpenak eman ditu gaur, Athletic-Osasuna Kopako partidaren biharamunean, talde gorritxoaren autobusarekin gertatutakoari buruz. Osasuna berandu heldu zen San Mames estadiora, eta partida 10 minutu atzeratu behar izan zuten, Ertzaintzak "ordu erdi baino gehiago atxikita" izan zuelako.
Erkorekak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan eskainitako elkarrizketa batean argitu duenez, San Mames inguruetan jendetza zegoen, eta hala, bi taldeen autobusak ezin izan ziren heldu aurreikusitako orduan. Gainera, zuri-gorrien autobusa babesten joan ziren Ertzaintzaren furgonetek erasoak jasan —edalontziak eta botilak jaurti zizkieten— zituztela ikusita, Osasunaren autobusaren segurtasuna bermatzeko "modurik ez" zegoela ikusi zuten Segurtasun arduradunek. Ondorioz, beste bide batetik eraman zuten ibilgailua, eta horrek eragin zuen atzerapena. Osasuneko zuzendaritzari ere azalpen bertsuak emango dizkiola erantsi du Erkorekak.
Beste hainbat gai ere hartu ditu hizpide Jaurlaritzako lehen lehendakariorde ere badenak. Badira bi hilabete Segurtasun Sailak gau giroan arma zurien erabilera kontrolatzeko neurri bereziak iragarri zituela, eta ordutik izandako bilakaeraz galdetuta, "orain erabilera apalagoa delakoan" dagoela erantzun du Erkorekak. "Kuriosoa da, baina lehen bi asteetan asko atzeman genituen, baina momentu batetik aurrera ez dut esango desagertu zirenik, baina gutxiago agertzen direla bai". Dena den, azpimarratu du "gehiago itxaron" behar dela eta "denbora epe luzeagoa" behar dela neurrien balorazioa egiteko.
Azkenik, lan gatazketan Ertzaintzak egindako esku hartzeak hartu ditu ahotan. Izan ere, sindikatuek salatu dute bortizkeriaz jardun dutela agenteek langileen kontra. Erkorekaren esanetan, esku hartzeak egiteko modua "araututa" dago, eta Ertzaintzak "irizpide aurreratu eta modernoak" darabiltza. "Kasuren batean betetzen ez dela? Ba salaketa aurkeztu eta epaileak ikusiko du", esan du. Hain justu, horrekin lotuta, datua eman du Segurtasun sailburuak: azken 10 urteotan aurkeztutako salaketen % 1,4k bakarrik amaitu dute kondena batekin. "Ez dut esan nahi % 1 hori ez dela zuzendu behar, eta lan egin beharko da, baina kasu gehienetan auzia artxibatzea edo absolbitzea erabaki dute epaitegiek", gaineratu du.