Gizartea -
Tecnología
Nafarroako hogeita hamar urtetik beherako gazteek batez beste bost ordu igarotzen dituzte egunean Interneten
Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako inkesta baten arabera, 10 pertsonatik bik eta 10 gaztetik ia 4k onartzen dute pandemiaz geroztik ordu gehiago pasatzen dituztela Interneten.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako herritarrek egunean bi eta hiru ordu artean igarotzen dituzte batez beste, Interneten nabigatzen, Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak eskatutako inkesta baten arabera, baina gazteak dira batez besteko hori igotzen dutenak, hogeita hamar urtetik beherako gazteek egunean bost ordu igarotzen baitituzte, batez beste, sarean.
Interneten kontsumo-ohiturei buruzko erantzunetan adina da funtsezko aldagaietako bat da. Izan ere, gazteen batez besteko bost orduen aldean, nabigazio-orduak jaitsi egiten dira adinak gora egin ahala; hala, herritar gehienek (% 75) ordubete baino gutxiago igarotzen dute konektatuta, eta 65 urtetik gorakoek 1,2 ordu igarotzen dituzte batez beste egunean.
Gizonek denbora gehiago ematen dute Interneten emakumeek baino; 2,8 ordu eta 2,5 ordu, hurrenez hurren, Gehiago dira, gainera, Interneten egunero sartzen ez diren emakumeak (% 15) gizonak baino (%4). Aldiz, egunean 2-3 ordu igarotzen dituztenen artean gehiago dira gizonezkoak (% 38), emakumeen aldean (% 28).
Ez da alde esanguratsurik ikusten eremu eta habitatari dagokienez, baina batez bestekoa zertxobait handitzen da habitataren tamainarekin -hiru ordu hiriburuan eta 2,3 ordu bost mila biztanle baino gutxiagoko udalerrietan.
Elkarrizketatuen % 21ek adierazi dute pandemiaz geroztik ordu gehiago igarotzen dituztela Interneten. % 68k dio lehen bezainbeste konektatzen dela, eta % 11k dio ordu gutxiago pasatzen dituela.
Badirudi pandemiak eragin handiagoa izan duela gazteengan Internet erabiltzeko ohituretan; izan ere, gainerakoek baino gehiago adierazten dute (% 39) orain ordu gehiago igarotzen dituztela Interneten.
Irachek ohartarazi du Internet gehiegi erabiltzeak ondorioak izan ditzakeela osasunean. Izan ere, pandemiaz geroztik Interneten ordu gehien igarotzen dituzten pertsonen artean, % 32k adierazi dute atseden gutxiago hartzen dutela orain eta % 10ek aitortu dute horrek senideekin duten harremanean eragina izan duela.
Nahasmendu horiek are eragin handiagoa dute gazteengan: pandemiaren ondorioz Interneten ordu gehiago ematen dutenen % 60k atseden orduetatik kendu baitute denbora hori.