Gizartea -
Lehortea
Kaleak urarekin garbitzea debekatu dute eta iturri publikoak itxi dituzte Arabako Errioxan, ur faltagatik
Ur Partzuergoko presidente Juan Jose Garcia Barruecok azaldu duenez, uda garaian egon litezkeen arazoak saihesteko prebentzio neurriak dira aipatutakoak.
EITB MEDIA
Euri eskasiaren ondorioak jasaten ari da dagoeneko Arabako Errioxa. Eskualdea hornitzen duten Toloño mendilerroko zundaketen ur maila baxua dela eta, Arabako Errioxako Ur Partzuergoak lehen neurriak hartu ditu. Hala, sakagailurik ez duten iturri publikoak itxi dituzte eta kaleak urarekin garbitzea debekatu dute. Halaber, lorategi publikoen ureztatzea ordubetera mugatu dute, 23:00etatik 00:00etara.
Ur Partzuergoko presidente Juan Jose Garcia Barruecok azaldu duenez, uda garaian egon litezkeen arazoak saihesteko prebentzio neurriak dira aipatutakoak. Izan ere, ekainaren hasieran turismoak gora egiten du Arabako Errioxan, bertan bigarren etxebizitza duten bisitari asko maizago joaten direlako, eta igerilekuak betetzen hasten direnean ur kontsumoa izugarri hazten da. Irailean ere, gauza bera gertatzen da mahats bilketarekin.
Azken egunotan hartutako neurri horiek 15 udalerritan izango dute eragina, eta Partzuergotik ohartarazi dute horiek bete ezean zigorra jasoko dutela udalek. Gainera, Partzuergoaren baimenik gabe ezingo dira igerilekuak bete.