Gizartea -
2023-2025
"Osasun-zentro birtualak" eta "zuzenekoa ez den arreta", Osakidetzaren Plan Estrategiko berrian
Hiru urteko ibilbidea izango du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Legebiltzarrean aurkeztutako plan honek, eta lau gai nagusitan eragitea izango du helburu: gizarte-herritarrengan, pertsona-gaixoengan, pertsona-profesionaletan eta Osakidetzaren zerbitzuak antolatzen dituen sisteman.
EITB MEDIA
Legebiltzarreko Osasun Batzordean goizean aurkeztu duten 2023-2025ko Osakidetzako Plan Estrategikoak gaixoei arreta digitala ematea aurreikusten du, berrikuntzak probestuz eta errekurtsoak eta teknologia egokituz. Maribel Romok, Osakidetzako Kalitateko zuzendariordeak, "herritarrekin harremanak izateko modu berri bat" aipatu du. "Webgunearen bidez zitak hartzetik haratago" doan harreman bat izango dela adierazi du, "osasun zentro birtualak" eta "zuzenekoa izango ez den arreta" izango dituena.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, ordea, eskaria egin du: "Digitalizazio hitza ez dadila manipulatu". Planak "ez du herritarrekiko harremana digitalizatzea ekarriko", horren arabera, eta "prozesu jakin batzuetan teknologiak eskura jartzen dituen aukerak erabiltzea" dela kontua erantsi du. "Kontsultak hobeto burutzea, burokrazia murriztea, kontsulta jakin batzuetan erantzunak azkarrago eman ahal izatea, tratamentu berritzaileak... Hori da plan honetan aipatzen den digitalizazioarekin lortu nahi dena", baieztatu du. Izan ere, berrikuntza da Plan Estrategiko honek bere barnean hartzen dituen estrategia ildoetako bat. Gainerako ildoak osasunaren promozioa eta gaixotasunen prebentzioaz, gaixotasunen kronikotasunari heltzeaz, Osakidetza humanizatzeaz eta gobernantza eredu bat ezartzeaz ari dira.
Honekin guztiarekin, lau arlo izan nahi dituzte kontuan: herritarrak, gaixoak, profesionalak eta Osakidetzaren zerbitzuak antolatzen dituen sistema.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, osasun zerbitzu publikoko profesionalek parte hartu duten prozesu batetik eratorritako plana da aurkeztu dutena. "Osakidetza erakundea osatzen dugun pertsona guztiok gara. Denok proiektu bera partekatzen dugu", esan du, eta "plan hau ez da Osakidetzaren zuzendaritzaren plana, Osakidetza osoaren plana baizik", nabarmendu du.
Horrekin batera, plan honen sorrera Covid-19ak eragindako pandemiak markatu zuela gaineratu du, baina testuinguru hori gainditu eta "erronka berriak begi bistan hartuta" pandemiatik irtetea lortu dela azaldu du.
Itxaron-zerrendak laburtzea eta inkesten balorazioa
Parlamentuko taldeek hitz hartu ondoren, Osasun sailburuak plan honek dituen bi faktore garrantzitsu azpimarratu ditu: "Plan bizia da, etengabe garatzen, etengabe hobetzen arituko dena".
Horrez gain, 2019ko datuekin (pandemia aurrekoekin) alderatuta, aurtengo datuek izan duten garapena nabarmendu du. Sailaren urteko aurrekontuan 838 milioi euro gehiago izango direla azaldu du; beraz, 2023ko aurrekontua 4.638,9 milioi eurokoa izango da.
Bestetik, sailburuak eman dituen datuen arabera, sistema bere onera etortzen ari da. Mediku eta erizainak 1.438 baino gehiago dira, kontsulta orokorrak % 16 hazi dira, larrialdietako kontsultak % 4 gehiago dira eta hilean egiten diren ebakuntzak ere 2019an egiten zirenak baino gehiago dira.
Osakidetzako plaza estrukturalak, gaur egun, 30.073 direla jakinarazi du sailburuak. Horren hitzetan, 2023ko aurrekontuetan 919 plaza gehiago sortzea aurreikusten da, eta 2022an 2.476 onartu ziren, horietako 358 Lehen Arretan.
Kirurgia saileko itxaron-zerrendari dagokionez, berriz, Sagarduik esan du 2022ko abuztuan 84 egunekoa zela eta 2023ko apirilerako 66 egunera jaistea lortu dutela.