Gizartea -
Epaiketa Gasteizen
Espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute Gasteizen desgaitasuna zuen gazte bat ustez hil zuen gizonarentzat
Ustezko hiltzailearen abokatuak, bestalde, zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du, hilketa delitua izan zela iritzita. Epaiketa bihar bukatuko da, epaileak ebazpena ezagutarazten duenean.
Agentziak | Eitb media
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak —biktimaren familia— hasiera bateko eskariari eutsi diote, eta espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute Gasteizen desgaitasuna zuen gazte bat ustez hil zuen gizonarentzat. Ustezko hiltzailearen abokatuak, bestalde, zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du, hilketa delitua izan zela argudiatuta.
Asteazken honetan bukatu da epaiketa Arabako Auzitegian, eta orain epaimahaiari dagokio azken erabakia ematea.
Epaiketaren lehen egunean, auzipetuak biktimari labanaz eraso egin ziola onartu zuen, eta barkamena eskatu zuen. Behin ustezko hiltzaileak deklaratuta, alde bakoitzak bere ondorioak atera ditu.
Alde batetik, Manuel Pereira fiskalak hasierako konklusioari heldu dio, azpikeriaz egindako hilketa izan zela iritzita. Lesio delituan, baina, aldaketa proposatu du, hilketa jazo aurretik biktimari egindako erasoan ere azpikeria egon zela gehituta.
Gainera, hiru indemnizazio eskatu ditu familiarentzat (aitarentzat, amarentzat eta anaiarentzat); 282.000 euro, orotara.
Zigor bera galdegin du biktimaren familiaren abokatu Ismael Diazek ere, nahiz eta baden ñabardura bat defentsaren eskaeran, ez baitu uste hiltzaileak asaldura psikikorik duenik. Aringarri horrek zigorra txikitzea ekar liezaioke hiltzaileari.
Deklarazioak bukatu badira ere, epaiketa bihar amaituko da ofizialki, orduan ezagutaraziko baitu ebazpena epaileak.