Gizartea -

Epaia

Gamarrako hilketaren akusatua errudun jo dute, eta aldeek espetxealdi iraunkorra eskatu dute

Fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute. 2020ko uztailean, desgaitasuna zuen 20 urteko gizonezko bat hil zuen 18 urteko mutil batek Gasteizen, Gamarrako industrialdeko pabiloi batean.

Akusatua epaiketan. Irudia: EITB
Akusatua epaiketan.
Akusatua epaiketan. Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri-epaimahaiak erruduntzat jo du Ismael gaztea, azpikeriaz egindako hilketagatik. Ander 2020ko uztailaren 23an hil zuen, Gasteizen. Hori dela eta, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, biktimaren familiak, kartzela iraunkor berrikusgarria eskatu dute akusatuarentzat.

2020ko uztailaren 23an Ander hiltzeagatik Ismaelen aurka Arabako Lurralde Auzitegian egindako epaiketa atzo amaitu zen, eta gaur herri-epaimahaiko bederatzi kideek epaia eman dute.

Epaiketaren lehen egunean, akusatuak aitortu zuen biktima sastatu zuela, eta barkamena eskatu zuen. Damu hori berriro erakutsi zuen atzo azken saioan.

Epaimahaiaren erabakiaren arabera, auzipetua azpikeriaz egindako hilketaren erruduna da, Ander "bere borondatez hil zuelako, haren babesgabetasuna aprobetxatuz".

Halaber, lesio-delitu baten erruduntzat jo dute; izan ere, lehenengo ustezko laguna sastatu zuen eta, Fiskaltzak defendatu zuenez, gero "egindakoaz jabetu zen, bigarren eszenatoki batera pasatu zen", eta Ander hil zuen harri batekin buruan jota.

Epai hori ikusita, Manuel Pedreira fiskalak bere ondorioei eutsi die, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du, azpikeriaz egindako hilketagatik, eta 3 urteko kartzela-zigorra, lesio-delituagatik, hilketaren aurretik. Gainera, biktimaren familiarentzako (aita, ama eta anaia) hiru kalte-ordain eskatzen ditu, 282.000 euro guztira.

Akusazio partikularrak, Ismael Diaz abokatuak, Ministerio Publikoaren espetxe-zigor berberak eskatu ditu.

Defentsak, berriz, Manuel Agirre ofizioz aritu denak, hasiera batean 8 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen, aringarriekin. Orain onartu du "espetxealdi iraunkor berrikusgarria" eskatzea beste aukerarik ez duela, Zigor Kodeak hala ezartzen baitu azpikeriaz egindako hilketetarako.

Erabakia ikusita, Arabako Lurralde Auzitegiak epaimahaiaren erabakiarekin bat datorren epaia eman beharko du orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erailketak