Gizartea -
Hezkuntza ituna
Jaurlaritzak gaur onartuko du Hezkuntza Legearen aurreproiektua
Legebiltzarreko ordezkarien % 90ek akordio historikoa lortu eta urtebetera onartuko du testua Gobernu Kontseiluak.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak gaur onartuko du Hezkuntza Legearen aurreproiektua, Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak itun historikoa adostu eta urtebetera.
Lege berriak EAEko hezkuntza sistema ordenatuko du, hau da, ikastetxe publikoek eta funts publikoz finantzatutako ikastetxeek osatuko sistema osoa, eta modu mailakatuan gauzatu nahi du hezkuntza sistemaren eraldaketa.
Euskara izango da erreferentziazko hizkuntza, eta, zirriborroetan jasotakoa mantentzen bada, ikasleen hizkuntza-maila B2 izango da euskaraz eta gaztelaniaz, eta B1 atzerriko hizkuntzan.
Aurreproiektua gaur onartuko bada ere, Hezkuntza Sailak aurrea hartu dio legeari 2023-2024 ikasturteari begira; izan ere, hainbat dekretu onartu ditu jada planifikazioa eta hezkuntza sistemarako sarbidea arautzeko, ikasle zaurgarriak eta plazen erreserba modu orekatuan ordenatzeko eta zuzendaritza taldeen betebehar eta eskumenak zehazteko, besteak beste.
Lege berriak 1993ko Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko du.