Gizartea -
euskara
Udalerri euskaldunetan euskararen ezagutza hazi egin bada ere, behera egin du arnasguneetan
Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, udalerri euskaldunetako biztanleen % 76 euskaldunak dira. Transmisioak, aldiz, % 11 egin du behera azken 30 urteotan.
eitb media
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen egoerari buruz egindako azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera "nabarmena" da arnasguneetan. Hots, 16 urtetik gorako biztanleen % 76 euskaldunak dira, eta herritarren % 8, euskaldun hartzaileak —euskara ulertzeko gai dira, baina ez daukate hitz egiteko adinako ezagutzarik—. Erdaldunak —euskara ulertzen ez dutenak—, berriz, % 15 dira.
Udalerri euskaldunetako datuak xehetu eta horiei dagokien txostena egin du UEMAk, eta euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta euskararekiko jarrerak aztertu eta emaitzak eta gako nagusiak bilduz. Udalerriz udalerriko daturik ez du biltzen inkestak, baina ikerketaren garrantzia ikusita, udalerri euskaldunetako datuak lortzeko eredu bat adostu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin.
Transmisioari dagokionez, berriz, lehen hizkuntza euskara dute udalerri euskaldunetako herritar gehienek —% 63—, eta elebidunak (% 8) gehituta, hamarretik zazpi dira etxean euskara jasotzen dutenak. Aitzitik, zenbateko horrek % 11 egin du behera azken 30 urteotan.
Erabilera orokorra kontuan hartuta, udalerri euskaldunetako herritarren % 58k darabil euskara egunerokoan, % 13k erdaraz adina egiten du euskaraz, eta % 30en hizkuntza nagusia erdara da.
Azkenik, euskararekiko jarrera aztertuta, euskara sustatzearen aldekoak dira udalerri euskaldunetako biztanle gehienak (zazpitik sei), eta % 2k baino ez du aurkako jarrera. Hamarretik bederatzik euskarazko hezkuntza babesten dute.