Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gaur sartu da indarrean "Bai bakarrik da bai" legearen erreforma

Gaurtik aurrera gertatzen diren sexu erasoak lege berriarekin epaituko dira. Hainbat zigorren kasuan, 2010eko Zigor Kodeak aurreikusten zituen kartzela epeak berreskuratu dira.

Zarautzen, indarkeria matxistaren kontra egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Zarautzen, indarkeria matxistaren kontra egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Zarautzen, indarkeria matxistaren kontra egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak onartu berri duen "Bai bakarrik da bai" legea indarrean sartuko da gaur, apirilak 29, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Indarkeria eta mehatxua erabiliz egindako sexu-erasoen zigorretan moldaketak egiteko onartutako legearekin, kartzela-zigorrak bi urte luzatuko dira, Berdintasun Ministerioak sustatutako testuaren aldean.

Arau berria 2010eko Zigor Kodeak sexu-erasoarentzat aurreikusitako zigorretara itzuli da, hau da, "Bai bakarrik da bai" legea onartu aurretik izan zuen azken erreforman aurreikusitakora.

Dena dela, aldaketak gaurtik aurrera izango diren sexu-erasoei eragingo die, eta ez dute galaraziko dagoeneko zigorra jaso dutenen berrikusketa, presoek lege lagungarrienera jotzeko aukera baitute. Angeles Carmona Genero Indarkeriaren Behatokiaren presidenteak uste du "sexu-erasoen egileen zigor murrizketa ugari" ikusiko dela aurrerantzean ere.

''Bai bakarrik da bai'' legearen erreformaren gako nagusiak
''Bai bakarrik da bai'' legearen erreformaren gako nagusiak
''Bai bakarrik da bai'' legearen erreformaren gako nagusiak

1:23

Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren azken datuen arabera, ia mila sexu-erasotzaileri murriztu diete zigorra, horietako 78ri Hego Euskal Herrian, eta ehun inguru espetxetik atera dituzte urriaren 7an lehenengo legea indarrean sartu zenetik. Irene Montero Berdintasun ministroa, dena den, azken aldaketen kontra agertu da, emakumeentzat atzerakoia delakoan, eta epaileei egotzi die zigorren murrizketen errua.

Aldaketak zigorretan

Legeak, erreformarekin, bere horretan uzten ditu Berdintasun Ministerioak idatzitako legearen lehenengo bi puntuak, eta horrela geratu da: "Onespena dagoela jakingo da libreki eta modu argian adierazten denean ekintzen bitartez pertsonaren borondatea", eta "sexu ekintza guztiak sexu-erasoak izango dira indarkeria, mehatxua edo gailentasun edo biktimaren zaurgarritasun egoera bat baliatzen bada".

Baina erreforma berrian hirugarren puntu bat gehitu dute hauxe adierazteko: "Erasoa egitean indarkeria edo mehatxua erabiltzen bada edo edozein arrazoirengatik biktimaren borondatea baliogabetuta badago, egileari urte batetik bostera arteko kartzela-zigorra ezarriko zaio".

Horren harira, 179. artikulua ere aldatu dute. "Bai bakarrik da bai" legean sarketa duten erasoentzat (bortxaketak) 4 eta 12 urte arteko zigorra aurreikusten zen, eta arau berrian agertzen denez, bortxaketarako indarkeria edo mehatxua erabili bada, zigorra 6 eta 12 urte artekoa izango da, 2010eko erreforman bezalaxe.

Larrigarriei dagokienez, aurreko zigor kodera itzuli da testu berria, baina proposamen berrira egokituta eta indarkeria duten ez duten sexu-erasoak bereiziz. Hala, 2 eta 8 urte eta 7 eta 15 urte arteko kartzela-zigorrak aurreikusten dira sarketarik ez duten eta sarketa duten sexu-erasoentzat, hurrenez hurren; eta aurreko zigor kodeko 5 eta 10 urte eta 12 eta 15 urte arteko zigorrak berreskuratzen dira, indarkeria erabiltzen bada sarketa gabeko edo sarketa duten sexu-erasoetan, hurrenez hurren.

Gainera, jatorrizko legearen akats tekniko batzuk ere aldatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak