Gizartea -
gipuzkoako serie bortxatzailea
AGk uko egin dio "bai bakarrik da bai" legearekin serie bortxatzaileari zigorra murrizteari Beasaingo kasuan
Joan den uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak 15 urtetik 12ra jaitsi zion zigorra 2019ko uztailean gertatutako bortxaketagatik. Defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen "bai bakarrik da bai" legea ez zela ezarri argudiatuta, baina uko egin dio.
eitb media
Auzitegi Gorenak uko egin dio Beasainen 2019an egindako sexu-erasoagatik Gipuzkoako serie bortxatzaileari ezarritako 12 urteko kartzela-zigorra murriztea. Izan ere, akusatuak eskatu bezala "bai bakarrik da bai" legea kontuan hartuta ere, ez da bidezkoa kasu honetan "inolako murrizketarik" egitea.
Pasa den uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) 15 urtetik 12ra jaitsi zuen bortxaketa horrengatik ezarritako zigorra. Hala ere, defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, kondenatuari "bai bakarrik da bai" legea ezartzea eskatzeko.
Auzitegi Gorenak azaldu duenez, araudi berriarekin auzipetuak 11 urte eta egun bat eta 15 urte arteko espetxe-zigorra izan beharko luke. Beraz, "zigorrik handiena" ezartzeko irizpideei eutsiz, "ez da bidezkoa murrizketarik egitea".
Gorenak kasuari buruz emandako ebazpena irmoa da, eta "ezin da errekurtsorik jarri" haren aurka.
Beasaingo kasua
Sexu-erasoa 2019ko uztailaren 13an gertatu zen. Epaiaren arabera, errumaniar nazionalitateko herritar batek bere biktimari, errumaniarra hura ere, eraso egin zion emakumearen etxeko atarian, eta konorterik gabe utzi zuen kloroformoa erabiliz, gero bortxatzeko.
Beasaingo bortxaketaz gain, serie bortxatzaileak bederatzi urteko kartzela-zigorra du 2015eko urtarrilaren 1ean Lasarte-Orian egindako beste sexu-eraso batengatik, eta beste 18 urtekoa Tolosan eta Andoainen (2012) eta Anoetan (2013) egindako beste hiru erasoengatik.