Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Durangon bi emakumeri sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako 19 urteko gizona espetxera bidali dute

Delitu biak egun berean egin zituen, oso denbora tarte txikiarekin. Emakumeetako bati kalean eraso egin zion, eta besteari, berriz, atari baten barruan.

Basaurik espetxearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA
Basaurik espetxearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA
Basaurik espetxearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den apirilaren 6an Durangon bi emakumeri egindako sexu-erasoak egotzita, 19 urteko gizonezko bat Basauriko kartzelan espetxeratzea agindu du larunbat honetan epaile batek, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Sexu-erasoa jasan izana salatu zuten apirilean bi emakumezkok Ertzaintzaren aurrean. Delitu biak egun berean izan ziren, apirilaren 6an, horien artean oso denbora tarte txikia igarota, ordu bat edo ordu eta erdiko tartea, alegia. Emakumeetako bati kalean eraso egin zion, eta besteari, berriz, atari baten barruan.

Durangoko ertzain-etxeak ikerketa abiatu zuen, eta 19 urteko gazte bat identifikatu zuen, bi sexu-erasoen ustezko egilea zelakoan. Susmagarria ostiral honetan atxilotu zuten, eta larunbat goiz honetan Durangoko Guardia Epaitegiaren esku utzi. Azkenik, epaileak Basauriko espetxera bidali du atxilotua.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Eraso sexualak gaur