Gizartea -
Urteko balantzea
2022an % 4,7 egin zuen gora heriotza kopuruak EAEn, aurreko urteko datuen aldean
Covid-19ak eragindako heriotzei dagokienez ere, goranzkoa izan zen joera; % 1,8 igo ziren iaz.
EITB Media
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak zabaldutako txostenak jasotzen duenez, 2022ko behin-behineko datuen arabera, 24.160 heriotza izan ziren iaz EAEn. Horietako 12.314 emakumeak izan ziren, eta gainerako 11.846ak, berriz, gizonak. 2021eko datuekin alderatuta, % 4,7 egin zuen gora heriotza kopuruak, eta 2019koen aldean, pandemiaren aurreko urteko datuen aldean, igoera % 12koa izan zen. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, igoera hori % 6,5ekoa izan zen Araban, % 5,1ekoa Bizkaian eta % 3,3koa Gipuzkoan.
Iaz hil zirenen artean, 40 pertsona urtebetetik beherako haurrak izan ziren; balio hori 2021ekoa baino handiagoa da, orduan urtebetetik beherako 35 hil baitziren. Bestalde, 100 urteko edo gehiagoko 417 pertsona hil ziren; 2021ean baino 81 gehiago.
2022ko behin-behineko datuak kontuan hartuta, EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen; izan ere, heriotzak jaiotzak baino gehiago izan ziren (10.547 pertsona gehiago). Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian biztanle kopuruak behera egin zuen (6.286 biztanle gutxiago), Gipuzkoak 3.363 biztanle galdu zituen eta Arabak, 898.
2022an, covid-19aren ondoriozko 1.713 heriotza izan ziren guztira; aurreko urtean, 1.682 (+% 1,8) eta, 2020an, 3.096 (–% 44,7); horietako 1.705 analisi zehatz baten bidez egiaztatu ziren, eta 8 ustezko covid-19 gisa diagnostikatu ziren.
Covid-19a beste 574 heriotzatan ere atzeman zuten, baina ez zen heriotza horien kausa nagusia izan, heriotza-ziurtagiri medikoetan jasotakoren arabera eta MOE Munduko Osasun Erakundearen heriotza-kausak kodetzeko irizpideak aplikatuta.