Gizartea -
Zientziaren hedapena
Zientzialariek giza DNA identifikagarria aurkitu dute ingurumen laginetan
Floridako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, gizakien DNA ia leku guztietan dago; hondartzan, ibaietan, ozeanoetan eta baita airean ere.
Agentziak | EITB Media
Floridako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek kalitate handiko giza DNA aurkitu dute ingurumen laginetan, eta horrek bidea ireki dezake gaixotasunei lotutako mutazioak identifikatzeko edo populazioen jatorri genetikoa zehazteko, Nature Ecology and Evolution aldizkariak astelehen honetan argitaratu duenez.
Gizakien DNA ia leku guztietan dago; hondartzan, ibaietan, ozeanoetan eta baita airean ere, eta hori "zientziarentzako bedeinkazioa da", dio artikuluak.
Nonahikotasun hori onura zientifikoa da, baina baita dilema etikoa ere, aipatu unibertsitateko ikertzaileek diotenez, DNA orokortu hori sekuentziatu ahal izan dutenek.
David Duffyk, proiektua zuzendu zuen genomako adituak, adierazi du etikoki tratatutako ingurumeneko DNA laginak onuragarriak izan daitezkeela medikuntzan eta ingurumen zientzietan, arkeologian eta auzitegi zientzian.
Adibidez, ikertzaileek hondakin uretan minbiziaren mutazioak arakatzeko edo ezkutuko giza DNA bilatzean aurkitu ez diren arkeologia aztarnategiak detektatzeko aukera aipatu dute. Gainera, auzitegiko poliziak krimen baten susmagarriak identifikatzeko aukera izango luke, delitua egin zen lekuan airean dagoen DNAren bidez, artikuluak dioenez.
Hala ere, adituek ohartarazi dute garrantzitsua dela informazio hori arretaz kudeatzea; izan ere, giza datu genetikoak ustekabean edo nahita ateratzeari dagozkion gai etikoak aztertu behar dira, ez odol laginen kasuan bakarri, baita harea koilarakada batekin, ur flasko batekin edo pertsona baten arnasarekin ere.
"Proiektu honetan etengabe harritu gaitu aurkitu dugun giza DNA kopuruak eta DNA horren kalitateak", esan du Duffyk argitalpenean. "Kasu gehienetan, kalitatea pertsona baten lagin bat hartzearen parekoa da", gaineratu du.