Gizartea -

Gipuzkoa

Gizon bat atxilotu dute Lasarte-Orian, 12 urteko neskato bati sexu-irudiak bidaltzeko iruzur egiteagatik

Atxilotuak 45 urte ditu, eta aurrekariak ditu ‘grooming’ delakoagatik. Ikerketa Malagan hasi zen, biktima bertan bizi baita.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Polizia Nazionalak Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) gizon bat atxilotu du, ustez Malagako 12 urteko neskato bati sexu-irudiak bidaltzeko iruzur egiteagatik.

Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez, Malagako Polizia Judizialeko Brigadako Adingabeen Taldeak hasi zuen ikerketa. Diotenez, emakume bat polizia-etxera joan zen, alabaren (12 urteko adingabe bat) telefono mugikorra aztertzean atzemandako WhatsApp eta Snapchat bidezko elkarrizketa batzuk salatzeko. Antza denez, solaskidea adingabea zen eta sexu-irudiak eskatzen zizkion.

Beharrezko ikerketak eginda agenteek jakin zutenez, ustezko adingabea Lasarte-Orian bizi den 45 urteko gizon bat zen, eta, beraz, berehala eskatu zioten laguntza Donostiako Polizia Judizialaren Brigadari. Hala, ustezko egilearen etxean zaintza-dispositibo bat ezarri ondoren, susmagarriaren telefono mugikorra kontrolatu eta atxilotu egin zuten.

Iturri horien arabera, atxilotuak aurrekariak zituen 'grooming' delakoagatik, hau da, helburu sexualak lortzeko, heldu batek Internet edo sare sozialen bidez adingabeen konfiantza bereganatzen saiatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa WhatsApp albisteak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak Nerabezaroa albisteak Sare sozialak albisteak Lasarte-Oria