Gizartea -
Ertzaintza
Bi gizon atxilotu dituzte Araban eta Gipuzkoan, adingabeei egindako sexu-delituak leporatuta
Horietako bat 36 urteko gizon bat da: Irunen atxilotu dute, kalean neskato bati sexu-erasoa egiten saiatzeagatik; bigarren atxilotua beste gizon bat da, eta sare sozialen bidez adingabeei sexu-proposamenak egitea egotzi diote.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken 24 orduetan bi gizon atxilotu dituzte, bata Irunen eta bestea Aiaran, adingabeei ustez egindako sexu-delituak egotzita. Horrela, Irunen, 36 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, adingabe bati sexu-erasoa egitea eta atxikitzea saiatzeagatik.
Jazoera ostiral honetan gertatu da, 17:20ak aldera. Emakumezko batek Ertzaintzako patruila bati laguntza eskatu dio Irungo San Miguel auzoan, esanez gizonezko bat saiatu izan zela kalean jolasten zebilen bere alaba bahitzen.
Gizona alabarengana hurbiltzen ikusi du amak eta, atzetik helduz, neskatoari ukituak egiten. Berarekin ihes egiteko asmoa zuela ikusita, emakumea gerturatu da, eta alaba askatu du. Jarraian gizonak ihes egin du. Handik gutxira, Ertzaintzak aurkitu eta atxilotu du.
Beste atxilotu bat, oraingoan Araban
Bestalde, 24 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzan Aiaran (Araba), sare sozialen bidez adingabeei sexu-proposamenak egitea egotzita. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, "grooming" kasu bateko biktima izan zitekeen adingabe baten familiak salaketa aurkeztu zuen Laudioko ertzain-etxean, eta hortik abiatu zuten ikerketa.
Sare sozialen bitartez adingabeekin harremanetan jartzen zen atxilotua eta, adingabea zela jakinda ere, sexu-harremanak izateko proposatu zion.
Atxilotuaren etxea miatu dute, Aiaran, eta material informatiko ugari atzeman dute. Litekeena da biktima gehiago egotea.