Gizartea -

Protesta

Ehunka pertsona kalera atera dira Donostian, Udalaren hirigintza ereduaren aurka

Donostia Defendatuz ekimenak manifestazioa egin du igande honetan, "egungo hiria mehatxatzen duten hirigintza-jarduera basatien ugaritzearen aurrean".

Manifestazioa Donostian, igande honetan. Argazkia: EITB Media
Manifestazioa Donostian, igande honetan. Argazkia: EITB Media
''Bizitzeko hiri bat'' aldarrikatu du Donostia Defendatu ekimenak

0:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian bestelako hiri eredu baten aldeko aldarria atera dute kalera igande honetan ehunka herritarrek, Donostia Defendatuz ekimena osatzen duten 40tik gora elkartek deituta, "Donostia ez dago salgai" lelopean.

Asier Basurto Bizilagunekin plataformako kideak EITB Mediari egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, "interes pribatu gutxi batzuen mesedetan gidatzen ari da hiri hau, ez zaigu entzuten herritarrei", eta uneko hiri eredua "donostiarren bizitzak eta hiria bera arriskuan jartzen ari da".

"Nazkatuta gaude azken urteotako bilakaerarekin; turistifikazioagatik, ingurune naturalak arriskuan jartzeagatik, etxebizitzaren arazoagatik eta, batez ere, gizarte mugimenduentzako ez dagoelako ahotsik, ez zaigu entzuten eta ez zaigu arretarik jartzen", erantsi du.

Ondare-SS, Haritzalde, Satorralaia, Belartza 2 Gelditu, Dendartean, Ba Gera, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma, Parkea Bizirik eta Amara Baik osatzen duten koordinakundearen arabera, enpresa handien eta turismo masifikatuaren negoziorako hiri-eredu bat sustatzen ari da udal-gobernua, "bizitzeko hiri bat izan beharrean, pertsona guztiak zaintzen dituena jatorri- edo baldintza-bereizketarik gabe".

Salatu dituzten jardueren artean, honako hauek nabarmendu dituzte: hirian Basque Culinary Centerren bigarren eraikin bat eraikitzeko proiektua, Manteo eta Zemoria parkeetan; San Bartolome muinoko merkataritza-gunearen proiektua; Renferen geltokiaren eta Arte Ederren eraikinaren eraisteak; Antondegiko olatu artifizialen parkearen proiektua; eta Santa Klara uharteko Hondalean egindako bost milioi euroko "xahutzea", besteak beste.

Koordinakundearen ustez, horiek "arazo endemikotzat eta ez puntualtzat" hartzen denaren adibide batzuk baino ez dira, eta "emaitza" hiria "modu arriskutsu eta atzeraezinean saltzea" da, horrela, turistarentzako hiri bat bihurtuz, herritarrentzako zerbitzutik urrun. "Horren guztiaren sintoma argigarri bat etxebizitzaren egoera tamalgarria da, milaka donostiarren kanporatzearekin eta fenomeno horren ondorioekin: zahartzea, auzokideen sareak ahultzea...".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak