Gizartea -
KAFEA ETA OSASUNA
Egunero kafea hartzea osasungarria al da?
Kafea da munduan gehien kontsumitzen den edarietako bat, baita zalantza gehien sortzen dituena ere. Zer onura ditu osasunarentzat? Zein da egunero gomendatzen den kafe-dosia? Kafearen kontsumoari lotutako mito nagusiak errepasatu ditugu, kafea eta horren abantailetan aditua den mediku batekin.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Pertsona askorentzat pentsaezina da eguna kaferik gabe hastea, ohetik jaiki eta kafe batekin garuna martxan jarri eta egunari beste aldarte batekin begiratzen baitzaio. Baina, zer dio zientziak horri buruz? Ona al da egunero kafea hartzea?
Felix Martin Santos pneumologian aditu eta kafearen onuren defendatzaile sutsuak dio eguneroko jarduera fisikoarekin eta sasoiko produktu freskoetan oinarritutako dietarekin batera, bizitza osasungarri bat izateko funtsezko elementua dela kafea.
Martin doktoreak hamarkada bat baino gehiago darama kafearen inguruan ikerketzen, eta adierazi duenez, edari horrek duen indar antioxidatzaileak mundu mailako heriotza-tasak nabarmen murrizten ditu. Hala, egunean bi edo hiru kafe hartzeko gomendatu du.
Azken hamarkadan, hainbat ikerketak baieztatu dute kafearen eguneroko kontsumoak onura esanguratsuak dituela: besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten du, eta 2 motako diabetesa, zirrosi alkoholikoa edo endometrioko minbizia duten gaixoei laguntzen dio. Frogatutzat dago, era berean, parkinsona edo alzheimerra bezalako gaixotasun neurodegeneratiboetan eraginkorra dela.
Horren osagaietako batek, baina, zalantza sortu izan du maiz; kafeinak. Hala ere, medikuak argitu du kafea ez dela kafeina bakarrik. Polifenol, flabonol, diterpeno eta herdoilaren aurkako osagaiak ditu, trigonelinak kasu.
Kafeak loa eragozten ote duen galdetuta, medikuak zehaztu du duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, tabakoak eta alkoholak nabarmen murrizten dutela loaren eraginkortasuna; kafeak, aldiz, ez.
Eta tentsio altua duten pertsonentzat, arriskutsua al da kafea? Martin Santosen arabera, nazioarteko artikulu zientifiko garrantzitsuenek ez dute ikusten eragin zuzenik dagoenik kafearen kontsumo erregularraren eta presio arterialaren eta hipertentsio arterialaren ondorengo arriskuaren artean.
Kafea, edozein motatakoa izanda ere, kafeinarekin edo gabea, gaixotasunak izateko arrisku gutxiago izaten laguntzen du, azken azterketek argi erakutsitu duten moduan. Hala ere, kafe berezia da onura gehien dituena, 80tik gorako puntuazioa duena, hain justu. Hala, iragazkia duen kafe-makina batean kafe ona prestatzen irakatsi digu: