Gizartea -
Espainiako Gobernua
Parekotasun Legeak Auzitegi Konstituzionalari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari ere eragingo die
Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du araudia, bigarren itzulian. Martxoan onetsi zuen aurrenekoz, eta hauteskunde zerrendetan, Espainiako Gobernuaren osaeran eta enpresa handien administrazio kontseiluetan zuen eragina. Oraingoan irismen esparrua handitu nahi du Sanchezen gobernuak.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du Emakumeen eta Gizonen arteko Parekotasun Legea. Bigarrenez onetsiko du araudia, martxoan ezarritakoaren irismen esparrua handituta. Izan ere, erakunde konstituzionalei, Auzitegi Konstituzionalari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, besteak beste, eragingo die.
Lege berria bi ganberetan eztabaidatu eta bozkatu, eta legealdia bukatu baino lehen indarrean egotea nahiko luke Espainiako Gobernuak.
Sanchezek Santanderren (Kantabria) emandako hauteskunde mitin batean iragarri zuen neurria, atzo. Zehaztu zuenez, erakunde konstituzionalek ordezkaritza parekidea izan beharko dute, hots, gutxienez % 40 emakumezkoak izan beharko dira.
Hartara, Auzitegi Konstituzionalean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian, Estatu Kontseiluan, Kontu Auzitegian eta Fiskalen Kontseiluan ere aplikatu beharko da neurria.
Espainiako Gobernuak martxoan onartu zuen legea aurrenekoz. Orduko hartan, honakoei eragiten zien: hauteskunde zerrendak, Espainiako Gobernua, enpresa handien administrazio kontseiluak, kolegio profesionalen gobernu batzordeak eta sariak emateko epaimahaiak. Bigarren honetan, erakunde konstituzionalak ere erantsi ditu Gobernuak.
Lege proiektuaren arabera, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala eta Emakumeen Institutua arduratuko dira ordezkaritza parekide hori betearazteaz.