Gizartea -
U23
OCUk "malgutasuna" eskatu die Hauteskunde Batzordeei mahaietako kideek aurkez ditzaketen helegiteen aurrean
Hauteskunde-mahaietako kide izateko aukeratua izanez gero, oporrak kontuan hartzeko galdegin du kontsumitzaileen elkarteak. Hartara, bidaiak bertan behera uzteko "erreklamazio oldea" saihestuko litzateke. Gainera, mahaian egotea ezinbesteko kontua denez, ezeztapenak kosturik gabe gauzatu daitezke.
EITB Media
Hauteskunde Orokorrak uda betean, uztailaren 23an, izango direla eta, OCU kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak "malgutasuna eta ulermena" eskatu dizkie Hauteskunde Batzordeei mahaietako ordezkariek aurkez ditzaketen helegiteak aztertzeko orduan. Hartara, bidaiak bertan behera uzteko "erreklamazio oldea" saihestuko litzateke, elkartearen iritziz; izan ere, OCUk azpimarratu duenez, oporrak "bereziki garrantzitsua den familia hitzordua" dira, "atzeraezinak", eta bertan behera geratuz gero, "ondorio ekonomiko inportanteak" izan ditzakete.
Araudiaren arabera, hauteskunde-mahaietako kide izendatutakoek hutsegitea justifika dezakete behar bezala arrazoituta eta dokumentatuta. Berez, hiru zio onartzen dituzte: arrazoi pertsonalak, familiarrak edota profesionalak. Hortaz, zerrenda horretan ez da ageri oporretarako hegaldiak edo ostatu erreserbak hartuta izatearekin lotutako kasurik. Halakorik duenak alegazioa aurkeztu behar du, zazpi eguneko epean, Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta organo horrek hartu beharko du erabakia. Mahai bateko kide izateko deitu eta euren burua aurkezten ez dutenek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela-zigorra edo 6-24 hilabeteko isuna jaso dezakete.
OCUk ohar batean azpimarratu duenez, Hauteskunde Batzordeak alegazioa atzera botako balu, oporrak inongo kosturik gabe bertan behera uzteko eskubidea du kontsumitzaileak, mahaian egotea legezko betebeharra, ustekabekoa eta aurreikusiezina delako. Halaber, ez da beharrezkoa izango bidaia-aseguru bat edukitzea, arrazoia ezinbestekoa delako.
Salbuespeneko egoera hori mahaian egotea egokitzen zaion pertsonari zein bere familiako gainerako kideei aplikatuko zaie.
Bidaia-agentziei, hegazkin-konpainiei, hotelei eta sektoreko gainerako enpresei ere zuzendu zaie OCU, eta "egoera berezia kontuan hartzeko" eskatu die, kontratatutako bidaien kostua itzultzeko edota bestelako erraztasunak emateko orduan.