Gizartea -
Gipuzkoa
Espetxera eraman dute Irunen irailean hilketa baten kontura atxilotutako gaztea
Astelehenean, maiatzaren 29an, Ikerketa Kriminaleko agenteek aurkitu eta atxilotu zuten, ustezko hilketa-delituagatik.
EITB Media
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak 23 urteko gazte bat atxilotu du Irunen, 2022ko irailean hirian gertatutako ustezko hilketa bat ikertu ondoren. Ikerketari esker identifikatu eta atxilotu dute orain erasotzailea, gertakarien ondoren Frantziara ihes egin baitzuen. Atxilotua asteazkenean jarri zuten Irungo Epaitegiaren eskuetan, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.
Europako Schengen informazio sistemak bila ari ziren pertsonari buruzko datuak partekatzeko aukera eman zien Ertzaintzari eta Frantziako Polizia Nazionalari, eta jakin zuten erasotzaileak 2023an Mantes la Joli inguruan, Paristik hurbil, delituren bat edo beste egin zuela, eta kasuetako batean, gainera, pertsona bat larri zauritu zuela. Hori dela eta, dirudienez, berriz ihes egin zuen eta muga aldera, Irun aldera, itzuli zen.
Euskadira itzuli zela egiaztatu ondoren, joan den astelehenean, maiatzaren 29an, Ikerketa Kriminaleko agenteek aurkitu eta atxilotu zuten Irunen ustezko hilketa-delituagatik.
Polizia-eginbideak amaitzean, atxilotua asteazkenean jarri zuten ikerketa-lanak Ertzaintzarekin koordinatu dituen Irungo Instrukzioko 1. Epaitegiaren eskuetan. Epaitegian atxilotua Martuteneko espetxean sartzeko agindua eman zuten.