Gizartea -
Izendapena
Amagoia Mujika Tolaretxipi, 'Berria'ko zuzendari berria uztailetik aurrera
Martxelo Otamendiren ordezkoa izendatu du 'Berria' egunkariak, larunbat honetan egindako akziodunen batzarrean jakitera eman duenez. Mujika egungo zuzendariordea da, eta 'Euskaldunon Egunkaria' eta 'Egunero' kazetetan aritu zen aurretik.
EITB MEDIA
Amagoia Mujika Tolaretxipik Martxelo Otamendi ordezkatuko du Berriako zuzendari gisa uztailetik aurrera, Berria egunkariak larunbat honetan egindako akziodunen batzarrean jakinarazi dutenez. Martxelo Otamendi egunkariaren zuzendaritza utzi eta Administrazio Kontseiluan izango da hemendik aurrera.
Berria egunkariak azaldu duenez, Euskaldunon Egunkarian, Eguneron eta Berrian bertan kazetari eta arduradun gisa aritu da Mujika. Gainera, 2019az geroztik zuzendariordea izan da. Nazioarteko gatazketan ere parte hartu du, berriemaile gisa, eta iaz Ukrainako gerran izan zen, Ukraina eta Polonia arteko mugan, alegia. Berriak azpimarratu duenez, beste egun esanguratsuetan ere egon da, besteak beste, Kataluniako erreferendumean.
Akziodunen batzarrean Mujikak iragarri duenez, "jauzi garrantzitsua" ematera doa egunkaria, haren ibilbidean: "aldaketak erredakzioaren funtzionamenduan eta euskarri digitaleko erabiltzaileen esperientzia hobetzea", besteak beste.