Gizartea -

Trafikoaren gaineko eraginak

Gasteizko trafikoak eten handiak izango ditu uztailaren 2an, 08:30etik aurrera, Tourragatik

Lasterketak garraio publikoko lineen ibilbideei eragingo die, baita aparkaleku batzuetarako sarbideari ere. Ibilbidean 1.600 auto inguru igarotzea espero da, eta autoa ez erabiltzea gomendatzen da.

Grand Depart Pays Basquek Gasteizen eragingo dituen mugikortasun aldaketak.
Grand Depart Pays Basquek Gasteizen eragingo dituen mugikortasun aldaketak.
Grand Depart Pays Basquek Gasteizen eragingo dituen mugikortasun aldaketak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Tourraren 2. etapa Gasteiztik abiatuko da, uztailaren 2an. Tropela Gasteizko kaleetatik igarotzen denez, ibilbide osoko trafikoa erabat etenda geratuko da 08:30etik aurrera, eta zenbait tokitan itxita egon daiteke aurretik, hesiak jarri ahal izateko.

 Grand Départ Pays Basquek Gasteizen eragindako mugikortasun-eraginak.

Zabalik egongo dira larrialdietarako pasabideak Olagibel eta Bake kaleen arteko bidegurutzean eta Olagibel eta Herrandarren kaleen arteko bidegurutzean. Pasabide horietatik larrialdietarako ibilgailu baimenduak soilik igaro ahalko dira, Aginte Zentroari jakinarazi ondoren.

Antolatzaileen arabera, hiria ez da itxita geratuko, irten eta sartu ahalko baita, baina ohi baino denbora gehiago kostatuko da; beraz, mugitu behar dutenek lehenago egin beharko dute. Hala ere, behar-beharrezkoa ez bada, hirian zehar ez mugitzeko gomendatu dute, eta mugitzekotan, garraio publikoa erabiltzeko eta oinez edo bizikletaz joateko.

Era berean, ibilbideko ibilgailu guztiak kenduko dituzte. Ekainaren 26tik (astelehena) aurrera, eraginak izango dituzten auzo guztietan jakinaraziko da, eta ekainaren 30etik aurrera, Udaltzaingoak erretiratu egingo ditu ibilbidean dauden ibilgailuak.

Egun horietan, behin-behineko aparkalekuak jarriko dituzte, egoiliarrek zein bisitariek beren ibilgailuak utzi ahal izan ditzaten. Laster jakinaraziko dute aparkaleku horien kokapenari buruzko informazio zehatza.

Eragina aparkalekuetan

Lasarteko ateko aparkalekua uztailaren 1ean itxiko dute, 14:00etan; Mendizabalakoa, ekainaren 29an, 22:00etan; eta Mendizorrotzakoa, ekainaren 30ean. Beraz, egun horietan Mendizorrotzako Kirol Guneko igerilekuetara oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joateko gomendatu dute.

Eragina tranbian

Uztailaren 2an Frantziako Tourraren bigarren etapak Gasteiztik egingo duen irteerak eragina izango du tranbiaren zerbitzuan. Hala, Angulema eta Antso Jakitunaren geltokien artean eta Salburua eta Nikosia artean zirkulazioa etetea aurreikusten da 08:00etatik 14:00etara. Unibertsitatetik eta Nikosiatik datozen tranbiak Angulemaraino iritsiko dira, eta handik Unibertsitaterantz eta Nikosiarantz itzuliko dira berriro. Era berean, Ibaiondo eta Abetxukotik datozen tranbiak Antso Jakitunaren geltokiraino iritsiko dira, eta handik Ibaiondora eta Abextukora itzuliko dira. 

Bestalde, txirrindularien irteera ikustera hurbildu nahi duten bidaiarien kopurua handituko delakoan, tranbiak zerbitzua indartuko du martxan egongo diren gainerako tarteetan. 11:00etatik 14:00etara, Abetxukuko eta Ibaiondoko adarretan, tranbiak 10 minutuko maiztasunarekin ibiliko dira, eta Unibertsitatekoan eta Nikosiakoan, berriz, 12 minutuko maiztasuna izango dute denbora tarte berean. 

Udaltzaingoaren dispositiboa

Hori guztia kontrolatzeko, 45 udaltzainez osatutako dispositibo bat prestatu dute, trafikoa etenda egongo den hiriko puntu guztietan banatuta, arrisku-egoerak saihesteko. Proba segurtasun-bermeekin egiten dela ziurtatzeko errefortzu gisa kontratatutako seinale-emaileak gehitu behar zaizkie horiei.

Udaletik, herritarren laguntza ere eskatu dute, jendeak seinalistek horretarako prestatutako puntuetan bakarrik gurutza dezan lasterketaren ibilbidea.

1.600 auto inguru igaroko dira ibilbidetik, eta, beraz, herritarrei eskatzen zaie ahalik eta erantzukizunik handiena izan dezatela proba segurtasun bermeekin egin dadin, bai txirrindularientzat, bai publikoarentzat.

Trafikoan eta garraioan eragina 2. etapako ibilbide osoan

Tourra Euskal Herritik igaroko den egunetan asko izango dira trafikoan eragingo dituen mozketa eta murrizketak. Ibilgailu pribatuan nahiz garraio publikoan zirkulatzeko orduan, kontutan izan beharko da lasterketa igaro aurretik eta ondoren itxita egongo direla, txandaka, errepide zati asko. 

Frantziako Tourrak osatutako dokumentu honetan, etapaz etapako errutometroan zehaztuta dago ibilbide bakoitzak zeharkatuko dituen errepideak, moztuko diren puntuak eta bide zati horien itxiera-irekiera orduak

Era berean, eta halabeharrez, garraio publikoko lineatan eragina izango du lasterketak, etenak, edo geraleku eta ordutegi aldaketak. Hemen kontsultatu daitezke Lurraldebusen lineatan izango diren aldaketak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Azken orduko kirol-albisteak Txirrindularitza munduko albisteak Gasteiz Frantziako Tourra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak