Gizartea -
Ikerketa prospektiboa
EAEko hezkuntza sistemak 65.500 ikasle inguru galduko ditu 2032ra arte jaiotza-tasaren beherakadagatik
Gainera, 10.598 irakaslek erretiroa hartuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoan sare publikoan eta itunpeko ikastetxeetan lan egiten duten irakasleen % 35,6k.
Agentziak | EITB Media
Euskadiko unibertsitatez kanpoko hezkuntzak 65.500 ikasle inguru galduko ditu 2032ra arte jaiotza-tasaren beherakadagatik. Gainera, 10.598 irakaslek erretiroa hartuko dute, hau da, irakaskuntzako sare publiko eta itunpeko ikastetxeetan lan egiten duten irakasleen % 35,6k.
Proiekzio hori Hezkuntza Saileko Ikasleen Bilakaerari eta Plantillaren Beharrei buruzko Azterlan Prospektiboaren ondorioetako bat da. Azterlan hori Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egin du.
Txosten honek jaiotzen beherakadak 2032. urtera arte hezkuntza sisteman izango duen eragina aztertzen du, 2021eko egoeratik eta datuetatik abiatuta.
Egindako proiekzioen arabera, 2032an Euskadiko unibertsitatez kanpoko gelek (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) 225.000 ikasle inguru eta 13.300 ikasgela izango dituzte, hau da, 2021ean baino 65.500 ikasle eta 4.200 talde gutxiago.
Kopuru horien arabera, aipatutako hezkuntza-zikloetako ikasleen kopurua % 22,4 jaitsiko da, eta ikasgelena % 23,9.
Zikloka, Batxilergoan 129 talde gutxiago aurreikusten dira (% -8,2). DBHn 1.004 talde (-% 22,6) eta ikasleen % 20,7 gutxiago izango lirateke; Lehen Hezkuntzan, berriz, % 29,7 talde (-2.396) eta % 28,5 ikasle gutxiago. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (3-6 urte) ikasgelen beherakada % 20 ingurukoa eta ikasleen % 19,6koa izatea espero da.