Gizartea -

ARABA

Atzo itotako bainulariaren gorpua aurkitu dute Uribarri Ganboako urtegian

Gazte bat desagertu zen atzo arratsaldean urtegiko uretan, eta larrialdi zerbitzuak haren bila aritu dira gaur arte. Goizean ekin diete hura bilatzeko lanei, eta haren gorpua aurkitu dute.

Ertzaintzaren urpekariak lanean hasi dira gaur berriro ere. Argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzaren urpekariak lanean hasi dira gaur berriro ere. Argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzaren urpekariak lanean hasi dira gaur berriro ere. Argazkia: Ertzaintza

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako urpekariek 30 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute gaur goizean Uribarri Ganboako urtegian, atzo, osteguna, desagertu ostean. Garaiotik Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Atzo arratsaldean Uribarri Ganboako urtegiko uretan desagertutako gaztea bilatzeari ekin diote gaur goizean larrialdi zerbitzuek. Azaldu dutenez, bainatzen ari zela desagertu zen, Garaio parkean. Harekin zegoen beste gazte batek ere arazoak izan zituen uretatik irteteko, baina bizirik erreskatatu zuten.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, atzo gertatu zen guztia, 20:20 aldera. Larrialdi zerbitzuek abisua jaso zuten, bi bainulari Uribarri Ganboako urtegiko uretatik ateratzeko zailtasunak zituztela ohartarazteko.

Ertzaintzaren patruilak, helikoptero bat, urpekariak, suhiltzaileak eta Osakidetzako osasun-zerbitzuak bertaratu ziren, eta bainularietako bat, 25 urteko gizonezko bat, atera zuten uretatik. Bertan artatu ondoren, anbulantzian eraman zuten Gasteizko Txagorritxu ospitalera.

Bestea, antza denez, urperatuta geratu zen, alga eremu batean harrapatuta, eta ez zen itsasertzera itzuli.

Ertzaintzako urpekariak 00:30 arte aritu ziren bertan desagertuaren bila, baina ez zuten aurkitu.

Gaur goizean, 09:30ean, urpekariek uretan bilatzeko dispositiboa abiatu dute berriro, Aldundiko suhiltzaileen ontziak lagunduta, eta 11:45 aldera aurkitu dute desagertuaren gorpua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Gaurko itotzeak Gorbeialdea albisteak