Gizartea -
GIPUZKOA
Donostian desagertutako gizonarena da atzo Igeldo pareko uretan agertu zen gorpua
19:00ak aldera aurkitu zuten atzo gorpua bilaketa taldeek, kostaldetik 400 metrora. Bestalde, emakume baten gorpua aurkitu zuten goizean Ulia mendian.
Agentziak | EITB Media
Ostegunean Donostian desagertu zen gizon baten bila ari zirela, bi pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten atzo miaketa-taldeek Donostian eta gaur baieztatu da arratsaldean aurkitutako gorpua desagertuta zegoen gizonarena dela.
19:00ak aldera topatu zuten gizonaren gorpua Donostia eta Orio arteko kostaldean, 400 bat metrora, Ertzaintzak eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak jakitera eman zutenez.
Guardia Zibilaren patruila batek gorpua jaso eta Pasaiako portura eraman zuen eta handik Auzitegiko Zerbitzu Anatomikora, identifikatzeko. Horrela jakin da ostegunetik falta zen 64 urteko gizona zela.
Bestalde, emakume baten gorpua aurkitu zuten goizean Ulia mendian. Antza denez, denbora zeraman bertan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hilotza toki zail batean zegoen, itsasotik bi metro ingurura, Ulia mendiaren eta Pasaiaren artean.