Gizartea -
Ekaitz bortitza
Abiatu dituzte Zumaia, harri-jasaren ondoren, hondamendi eremu izendatzeko izapideak
Harriak kalteak eragin zituen kalean aparkatuta zeuden 300 auto baino gehiagotan, baita fatxadetan eta teilatuetan ere. Haurreskolaren eraikinaren teilatuak kalte handiak jasan zituen, eta eskolak eta kiroldegiak ere ekaitzaren ondorioak jasan dituzte.
EITB Media
Zumaiako Udalak (Gipuzkoa) beharrezko izapideak abiatu ditu gaur hondamendi eremu izendatzeko eskaera egiteko, astearteko harri-erauntsiak kalte handiak egin baitzituen kalean aparkatutako 300 auto baino gehiagotan, fatxadetan eta teilatuetan.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, Udala datuak biltzen ari da kalte material eta pertsonalengatik laguntzak eskatzeko izapideak bideratzeko.
Kazkabarrak Zumaiako kaleetan aparkatuta zeuden 300 ibilgailuri eragin zieten, gutxienez, Udalaren lehen datuen arabera, baina azken kopurua handiagoa izan daiteke. Harri-jasaren ondorioz, inguruko tailerrak lanez gainezka daude.
09:00etatik 10:00etara gertatu zen ekaitza. Txingor ale handiak bota zituen, eta kalteak eragin zituzten kalean aparkatutako autoen kristaletan, fatxadetan, erretenetan eta hainbat eraikinetako teilatuetan.
Horrela, Haurreskolaren eraikinaren teilatuak kalte handiak izan zituen eta ura sartu zen, baina azkar konpondu dute, eta gaur hezetasun orban batek erakusten du itogina non egon zen. Ikastetxean eta kiroldegian ere begi-bistakoak dira txingorrada handiaren ondorioak.
Gainera, hiru pertsona artatu zituzten txingor aleek eragindako zauri arinengatik.
Alkateak aseguru-etxeetara jotzeko gomendatu die zumaiarrei, polizen xehetasunen berri jasotzeko.