Gizartea -
Errefuxiatuen eguna
GKEek salatu dute baliabideak jarri izana itsasoan "bost turista" salbatzeko eta ez "ehunka migratzaile"
Haien esanetan, "kontraesana" da 'Titan' itsaspeko bost turistak salbatzeko halako baliabide pila erabili izana eta, aldiz, Grezian aurreko asteko hondoratzearen ondorioz "ehunka migrante hiltzen utzi izana".
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako 15 herritar elkartek deia egin diete Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari asilo eskubidea errespeta dezaten eta etorkinak har ditzaten "lehen, bigarren edota hirugarren mailako" gizaki bezala hartu gabe. Aldarrikapen nagusi hori eramango dute larunbatean, ekainaren 24an, Donostian egingo duten elkarretaratzean. Joan den asteartean izan den Pertsona Errefuxiatuen Munduko Eguna eta Melillako harresiko tragediaren lehen urteurrena ekarriko dituzte gogora horrela.
Elkarretaratzea deitu duten elkarteen artean, besteak beste, hauek daude: SOS Arrazakeria, Donostiako Harrera Sarea, Amnistia Internazionala, Zehar Errefuxiatuekin, Oxfam Intermon eta Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH).
Gobernuz kanpoko erakunde horien bozeramaileen esanetan, bazterkeriarik gabeko harrera egitea "borondate politikoaren baitako kontua" da, ez "baliabideen falta". Hori dela eta, gizarteari eskatu diote Espainiako kostan eta Mediterraneoan gertatzen diren "heriotzak eta pertsonen desagerketa jarraituak" bazter ditzatela.
Zentzu horretan, "kontraesana" iruditu zaie Titan itsaspekoan zihoazen bost pertsonak salbatzeko halako baliabide pila erabili izana eta, aldiz, Grezian aurreko astean gertatu zen hondoratzearen ondorioz "ehunka migrante hiltzen utzi izana". "Askoz gehiago" egin zitekeela esan dute, eta "tragedia hura" Europako Batasuneko herrialdeen "esku ez hartzeko politikaren ondorio" izan zela salatu dute.
Poliziako agenteak "formatzeko eta sentsibilizatzeko" eta "arrazaren araberako identifikazioak amaitzeko" eskatu dute, eta Irungo mugan kontrolak buka daitezela.