Gizartea -

Indarkeria matxista

Udako jaietan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko saioak antolatu dituzte EAEko udaletan

Berdintasun Sailak, Emakunderen bitartez, eta Eudelek hiru saio antolatu dituzte EAEko udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin. Gaur izan da lehena Arabako udal ordezkariekin, eta astelehen eta asteartean izango dira Bizkaikoen eta Gipuzkoakoen txanda.

Gaur goizeko saioa, Gasteizen. Argazkia: Irekia.
Gaur goizeko saioa, Gasteizen. Argazkia: Irekia.
Gaur goizeko saioa, Gasteizen. Argazkia: Irekia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte EAEko udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin, udan jai eremuetan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko. Lehen bilera ostiral honetan egin da Gasteizen, Arabako udalekin, eta datozen astelehenean eta asteartean, ekainaren 26an eta 27an, Bilbon eta Donostian egingo dira, hurrenez hurren, lurralde bakoitzeko udalekin.

Hain zuzen, Nerea Melgosa Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta, Eudelen ordezkari gisa, Angela Eguia Gordexolako alkateak parte hartu dute lehen bileran. Bi zati izan ditu: lehenean, jai eta aisialdi inguruneetako indarkeria sexistaren kontzeptu esparrua azaldu da, eta, bigarrenean, udal ordezkarien parte hartze aktiborako talde dinamika egin da.

Azken urteotan herri askotan izan diren aurrerapausoak aitortzearekin batera, Nerea Melgosak gogorarazi du prebentzioa oso garrantzitsua dela udan herri eta hirietan ospatzen diren jaiei begira eta administrazio guztiek arlo horretan koordinatuta lan egitea. "Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik emakumeentzako gune seguruak izan behar direla beti gogoan izatea nahi dugu. Ez jaiak, ez alkoholak, ez dute justifikatzen pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik", gaineratu du.

Miren Elgarrestak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen laguntzarekin sustatzen duen 'Beldur Barik' programaren esparruan, udalen eskura material ugari jarri da deskargatzeko, hala nola, 'Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko gida', 'Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak' gazteentzako informazio liburuxka, erasorik gabeko festen aldeko kartel bat eta sareetan erabiltzeko spot bat. 

Azkenik, Angela Eguiak adierazi duenez, herriko jaien hasiera honetan, udal ordezkari gisa, une egokia da jaietan arreta jartzeko, auzokideentzako berdintasunezko bizikidetza eta aniztasunerako ospakizun gune gisa. Era berean, esan du espero duela informazio saioek udaletako estrategiak eta protokoloak indartzen laguntzea, herriko jaietan indarkeria matxistako egoerak prebenitzeko eta horiei arreta emateko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Emakunde argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Udako azken ordukoa