Gizartea -

Ibilbidea eta dispositiboa

Tourreko bigarren etaparen irteerak bost kilometroko hiri-ibilbidea itxiko du Gasteizen, uztailaren 2an

Publizitate-karabanaren irteeratik, 10:15ean -etapa irten baino bi ordu lehenago-, lasterketako azken ibilgailua igaro arte, Tourra igaroko den hiri-ibilbidea trafikoarentzat itxita egongo da.

Frantziako Tourra Gasteizen. Irudia: EITB
Frantziako Tourra Gasteizen. Irudia: EITB
Hauek dira Tourrak Gasteizen eragingo dituen murrizketak

1:28

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 2an, igandea, Frantziako Tourraren bigarren etapa Gasteizetik abiatuko da, eta, horren ondorioz, bost kilometroko hiri-zirkuitu bat itxiko da 08:30etik aurrera.

Lasterketa Mendizabalako aparkalekutik aterako da, eta, handik, kale hauetatik igaroko da: Lasarteko Atea, Elvira Zulueta, Gaztelako Atea, Katea eta Eleta, Prado, Andre Maria Zuria, Mateo Moraza, Gernikako Estatutua, Olagibel, Judimendi etorbidea, Euskal Probintzien plaza, Valladolid, Brusela etorbidea, Batasun plaza, Brusela hiribidea eta N-104, Elorriagan.

Publizitate-karabanaren irteeratik, 10:15ean -etapa irten baino bi ordu lehenago-, lasterketako azken ibilgailua igaro arte, Tourra igaroko den hiri-ibilbidea trafikoarentzat itxita egongo da.

Tropelak igaroko dituen bide horiek guztiak ibilgailurik gabe geratu beharko dira, eta, beraz, ez da aparkatzeko baimenik izango ekainaren 29tik aurrera. Egun horretako gauean Mendizabalako aparkalekua ere itxiko da 22:00etatik aurrera, eta hurrengo egunean Mendizorrotzakoa.

Tourraren irteerak hirian izango dituen eraginak udal webgunean (www.vitoria-gasteiz.org/tourtrafikoa), Grand Depart Pays Basque-ren Gidan (www.letour.euskadi.eus) eta WAZE aplikazio mugikorrean (gorabeherei buruzko informazio guztia jasotzen da bertan) kontsulta daitezke.

Trafikoari dagokionez muga horiek izan arren, hiria ez da itxita geratuko, baina ohi baino denbora gehiago beharko da bertatik mugitzeko. Hori dela eta, herritarrei eskatu zaie joan-etorriak aurreikusteko eta garraio publikoa erabiltzeko, oinez edo bizikletaz joateko egun horretan.

Gasteizera probaren irteera ikustera gerturatzen direnentzat, Buesa Arenako, Lakua-Arriagako eta autobus-geltokiko aparkalekuak erabiltzea gomendatzen da.

Tuvisa eta tranbia

Bestalde, Tourraren irteerak hiriko autobusen eta tranbiaren zerbitzuei ere eragingo die, eta, segurtasun arrazoiengatik, lasterketaren ibilbidean dauden edukiontzi guztiak kenduko dira. Asteartean hasi eta hilaren 30era arte, 31 edukiontzi uharte birkokatuko dira.

Tuvisako udal-lineak aldatu egingo dira probaren egunean. Halaber, uztailaren 1etik 2rako gauean, 06:00etan, ez da irteera-zerbitzurik egongo G1, G3, G4 eta G6 lineetan. Eragin horiek guztiak astelehenetik aurrera kontsultatu ahal izango dira Udalaren webgunean.

Tranbiari dagokionez, Antso Jakituna eta Angulema geltokien artean etengo da, baita Nikosia eta Salburua artean ere, uztailaren 2ko (igandea) 08:30etik ekitaldia amaitu arte, eta gainerako lineak normaltasunez ibiliko dira.

Animazioa

Txirrindulariak abiatu ondoren, Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, animazio-jarduera batzuk antolatu ditu txirrindularitzaren festa hau ospatzeko.

Prado parkean jolas-gune bat jarriko da 12:30etik aurrera, Gargantua eta adin guztietarako kale-jolasak izango dituena. Tributo pop-rock kontzertua ere izango da 13:30etatik aurrera Banda Molinaren eskutik. Gainera, parkeak ostalaritza-gune bat izango du.

Hiriaren erdigunean pantaila erraldoi bat jarriko da Andre Maria Zuriaren plazan, etaparen nondik norakoak zuzenean jarraitzeko. Gune berean karikatura digitalen set bat ere instalatuko da. Hori guztia 11:30etik aurrera. Bestalde, erraldoi eta buruhandiek eremua zeharkatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Kirolak Txirrindularitza Frantziako Tourra Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gasteizko tranbia Garraio publikoa