Gizartea -

Bizkaia

Gizon bat atxilotu dute, Erandion metalezko barra batekin beste bati eraso egiteagatik

Erasoa goizaldean gertatu da Erandioko dantzaleku bateko aparkalekua. Biktima konorterik gabe geratu da eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute, larri. Erasotzaileari lesio delitua egotzi diote.

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

21 urteko gizon bat atxilotu dute beste bat metalezko barra batekin buruan kolpatu ostean. Erandioko dantzaleku bateko aparkalekuan izan da erasoa, goizaldeko lau eta erdiak inguruan, eta larri zauritu da biktima, Segurtasun Sailak berri eman duenez. 

Ertzainak deia jaso du, gizon bat, auto batetik jaitsi, eta atzetik beste bat buruan jo duela esanez, metalezko barra batekin, Erandioko diskoteka baten atarian. 

Biktima konorterik gabe lurrean utzi ostean, erasotzaileak ihes egin du bere autoan. 

Agenteak bertaratu direnean, erasotzailearen eta haren autoaren inguruko deskribapenak bildu dituzte lekukoen eskutik. 

Bien bitartean, osasun langileek biktima artatu dute eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute, larri zauriekin. 

Ertzaintzak egiaztatu ahal izan du susmagarria Barakaldon bizi dela. Patruila bat hara joan da eta bertan ikusi du Barakaldoko Udaltzaingoaren patruila bat. Izan ere, erasoaren ostean igorritako Polizia-alertaren harira, autoa geldiarazi du Lutxana auzoan. 

Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute, lesio-delitu bat egotzita eta Polizia-etxera eraman dute, epailearen esku uzteko gero. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erandio Bizkaia Barakaldo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak