Gizartea -
ETXEBIZITZA PARTEKATUA
Adinekoek eta gazteek bizitokia partekatzen duten Kuvu proiektuan parte hartzeko deia egin du Jaurlaritzak
EAEko 14 udalerritan martxan dagoen zerbitzu horren bidez, 65 urtetik gorako pertsonek beren etxebizitza partekatzen dute gazteekin, aldi baterako eta alokairu duin baten truke.
EITB MEDIA
Belaunaldien arteko bizitoki partekatua bultzatzen duen Kuvu proiektuan parte hartzeko deia egin die Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak herritarrei. Horren arabera, 65 urtetik gorako pertsonek beren etxebizitzako logela libre bat alokatzen diete aldi baterako alokairu duin eta eskuragarria bilatzen duten beste belaunaldi batzuetako pertsonei. Trukean, gazteak etxea mantentzeko gastuen zati bat eta alokairu solidario gisa murriztutako kopuru gehigarri bat ordaintzen ditu.
Zerbitzua EAEko 14 udalerritan dago, eta ez dakar adinekoa zaintzeko betebeharrik. "Bi aldeen autonomia eta askatasuna errespetatuz, uneak eta esperientziak partekatzea da helburua", esan du sailburuak Kuvu proiektua aurkezteko Bilbon egin duten prentsaurrekoan.
Melgosak "irtenbide integral" gisa aurkeztu du proiektua, "bakardadeari aurre egiteko, gizarteratzea sustatzeko eta adinekoen bizi kalitatea hobetzeko". Izan ere, EAEko Osasun Inkestako datuen arabera, EAEko biztanleriaren % 3,3 beti edo askotan bakarrik sentitzen da, eta zifra hori % 6,6ra igotzen da 75 urte edo gehiagoko pertsonen artean. "
Sailburuak azaldu duenez, "bi aldeentzako onura ekonomikoez gain, belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitzak ikaskuntza partekatua, aurreiritziak eta estereotipoak ezabatzea, eta elkarri laguntzeko lotura afektiboak sortzea sustatzen du".
Era berean, proiektuak bitartekaritza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen du, bizikideen artean sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko.