Gizartea -

2023ko sanferminak

Fuente Ymbroko zezenek entzierro arin eta arriskutsua egin dute

Zazpi korrikalari eraman dituzte ospitalera jasotako kolpeengatik. Unerik arriskutsuenak Estafetan izan dira, zezen gaztainkara batek hainbat korrikalari altxatu baititu airean.

Gaurko entzierroaren une bat. Argazkia: EFE
Gaurko entzierroaren une bat.
Fuente Ymbroko zezenen entzierro azkarra eta arriskutsua

2:28

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fuente Ymbro Cadizko ganadutegiko zezenek entzierro azkar (2' 21'') eta arriskutsua egin dute gaurkoan. Ondorioz, zazpi pertsona eraman dituzte ospitalera, Nafarroako Ospitaleak egindako behin betiko balantzearen arabera. Goizean zehar zezenek pertsona bat adarkatu dutela jakinarazi bada ere, halakorik egon ez dela esan dute eguerdian erietxeko iturriek.

Animalia bizi eta sutsuak dira Fuente Ymbrokoak —duela 10 urte zezen plazaren kalezuloan izan zen pilaketa eurekin gertatu zen—. Batuta abiatu badira ere, bi adardun aurreratu dira (bata gaztainkara eta bestea beltza) eta tentsio uneak sortu dituzte Estafeta kalean. Hainbat korrikalari harrapatu eta horietako batzuk airean altxatu ditu zezenetako batek.

Tarte horretan eroriko ugari izan dira, eta hainbat korrikalari lurrean etzanda geratu dira. Zezen beltzak estropezu egin du eta jausi egin da.

Une horretatik aurrera, abiada bizian joan da entzierroa. Lasterketa politak egon dira Telefonican. 

Asteburuko entzierro jendetsuen ondotik, gaurkoan korrikalari gutxiago izan dira ibilbidean, eta hala, tarte gehiago lasterketak egiteko. 

Adarkatutarik ez

Entzierroa ikusita, espero zitekeen zauritutako kopurua handia izatea, eta hain justu, zazpi pertsona ospitaleratu dituzte, gehienak kolpeengatik. Goizean zehar, zezenek korrikalari bat adarkatu dutela jakinarazi dute osasun iturriek, baina eguerdian adarkaturik egon ez dela baieztatu du Nafarroako Ospitaleak.

Lau pertsona artatu dituzte zezen plazan, hiru Mercaderesen, bi Telefonican eta bat, Estafetan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak