Gizartea -
EUSKARA
Konstituzionalaren epaiak "euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela" salatu dute hainbat alkatek
Agerraldi bateratua egin dute goizean Bilbon euskalgintzako ordezkariek alkate eta udal ordezkariekin batera Konstituzio Auzitegiak udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz emandako epaiaren aurrean kezkaturik. Hala, azaroaren 4rako deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Kostituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka emandako epaiaren aurrean kezkaturik agerraldi bateratua egin dute ostegun honetan euskalgintzako ordezkariek alkate eta udal ordezkariekin batera. Salatu dutenez, "euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu" erabakiak, etorkizunera begira "euskarak dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak oztopatzen dituelako".
Auzitegi Konstituzionalaren azken epaiaren ondotik, Euskadiko Justizia Auzitegiaren aurrean, Bilboko Albia lorategietan, aginte makilak eta zumitzaren zumeak goratu dituzte gaur ehunen bat alkate, zinegotzi eta Euskalgintzako gizarte eragileen ordezkariek, tartean Bilboko eta Donostiako alkateek, euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko.
Nabarmendu dutenez, justiziak ez du soilik euskara jomugan, autogobernua bera ere bai. Horregatik bilatu behar zaio euskarari lege babesa, eta herritarrena.
Era berean gogoratu dute Eusko Legebiltzarrak "kontsentsu zabalez" onartu zuela Udal Legea hori eta gaineratu dute azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi duela gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak.
Gauzak horrela, "epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa" ere badela salatu dute.
Testuinguru horretan, mobilizazio sozialerako deia egin dute eta azaroaren 4rako deitu den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu dute, beste behin.