Gizartea -

Eguraldia

Bero sapa espero da biharko, 40 °C-ko maximoekin Erriberan, baina denbora tarte batez baino ez da izango

Alerta laranja ezarri dute Nafarroa erdialdean eta Erriberan, eta abisu horia, EAEn (30-36 graduko maximoak). Dena dela, 13:00etatik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperaturak 10 gradu jaitsaraziko ditu.

Maximoak 40 °C-ra igoko dira Erriberan, eta 30-36 °C mugituko dira EAEn.
Eraikuntzako langile bat, ura edaten, bero handiko egun batean.
Maximoak 40 °C-ra igoko dira Erriberan, eta 30-36 °C mugituko dira EAEn.

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biharko eguna sargoria izango da, bereziki Nafarroa erdialdean eta Erriberan (39-40 ºC-ko maximoak iragarri dituzte). Hori horrela, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du bi guneotan. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) termometroak ez dira horrenbeste igoko, baina bero egingo du: kostaldean, 30 ºC tenperatura maximoak espero dira; 35 ºC ingurukoak, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 36 ºC-ra igoko dira Araban. Nolanahi ere, ordu batzuez baino ez da izango, Euskalmetek zehaztu duenez. 

Izan ere, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 13:00etatik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperaturak 8-10 gradu jaitsiko dira bat-batean. Tenperatura aldaketa mendebaldetik ekialdera eta kostaldetik barnealdera hedatuko da. Hots, 13:00-14:00 tartean, Bizkaiko kostaldean igarriko dute beherakada, eta 15:00-16:00 bitartean, lurraldearen barnealdean. Gipuzkoako kostaldean 16:00etarako "freskatuko" du, eta ordubete geroago (17:00ak aldean) barnealdean. Tenperaturen jaitsiera arratsaldean sumatuko dute Araban, 17:00etatik aurrera (Arabako Errioxan, 19:00ak arte itxaron beharko dute). 

Nafarroan, ia lurralde osoa —Pirinioak izango dira salbuespena, eta Nafarroako Kantauri Isurialdean abisu horia izango da indarrean— egongo da alertapean eguerditik 20:00ak arte. Bero itogarriena Erriberan izango dute eta termometroak 40 ºC-ra igoko dira bertan. Nafarroa erdialdean, Iruñea hiriburua tartean, 39 ºC-ko maximoak espero dira. Hala, sanferminetako azken eguna gerizpean igaro beharko dute iruindarrek eta bisitariek. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Uda Bero-boladak