Gizartea -
Ekaitz bortitzak
Gasteizek hondamendi eremu izendatzea eskatu du, harriak 1,8 milioiko kalteak utzi dituela egiaztatu ostean
Aurreneko kalkulu batean, 200 argi hautsi zenbatu dira hiriaren hegoaldean, baina kopuruak gora egin dezake, Gasteizen 38.000 argi-puntu baitaude.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Udalak hondamendi eremu izendatzea eskatu du, joan den asteko osteguneko harri-jasak eragindako kalteak gutxienez 1,8 milioi eurokoak izan direla egiaztatu ondoren, 100 bat udal eraikin eta instalaziotan.
Zenbaketa horrek kanpoan uzten ditu hiriko zuhaitzetan eragindako kalteak, garbiketa-operatiboaren kostua eta sare elektrikoaren kalteak. Aurreneko kalkulu batean, 200 argi hautsi zenbatu dira hiriaren hegoaldean, baina kopuruak gora egin dezake, Gasteizen 38.000 argi-puntu baitaude.
Maider Etxebarria alkateak azaldu duenez, egoera horren aurrean Udalak Espainiako Gobernuari hondamendi eremu izendatzeko eskatzea erabaki du, baina Etxebarriak "zuhurrak" eta "errealistak" izateko deia egin du, lortzea "zaila" delako.
Ildo horretan, 2009ko aurrekaria aipatu du; izan ere, txingor zaparrada batek ere kalte handiak eragin zituen eta ez zen aitorpen hori lortu. Nolanahi ere, Udalak "ez du ahaztuko milaka familia kaltetu zirela".