Gizartea -
Indarkeria matxista
Mallorcan emakume bat bortxatzeagatik atxilotutako sei turistak epailearen esku utzi dituzte
Ostegun goizaldean, Polizia Nazionalak 21 eta 23 urte arteko sei gizon alemaniar atxilotu zituen Palman, sexu eraso delitu bat egotzita.
Agentziak | EITB Media
Ostegun honetan Playa de Palmako hotel batean ustez emakume gazte bat bortxatzeagatik atxilotutako sei turistak epailearen esku utzi dituzte larunbat honetan.
Ostegun goizaldean, Polizia Nazionalak 21 eta 23 urte arteko sei gizon alemaniar atxilotu zituen Palman, sexu eraso delitu bat egotzita, Poliziak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Gertakariak goizaldean bertan hasi ziren ikertzen. Poliziak dei bat jaso zuen, ohartarazteko Playa de Palmako hotel batean gazte talde batek sexu erasoa egin ziola zioen neska gazte bat zegoela.
Hoteleko langileen laguntzarekin, sexu erasoan parte hartu zuten sei gazteak aurkitu eta atxilotu egin zituzten. Bestalde, agenteek anbulantzia bat eskatu zuten, eta Palmako erreferentziazko ospitalera eraman zuten. Bertan, sexu erasoen biktimentzako protokoloa aktibatu zen.
Biktima osasun etxe batean artatu zuten lehendabizi, premiaz. Ondoren, Son Llatzer Unibertsitate Ospitalera eraman zuten.
Polizia Nazionalaren Familia eta Emakumearen Unitateak (UFAM) bere gain hartu ditu ikerketak. Agenteek hainbat telefono mugikor atzeman zituzten eta horietako batean gertaeren grabazio bat aurkitu zuten.