Gizartea -

EUSTAT

% 4,9 hazi zen heriotza kopurua EAEn 2022an eta uztailean hil zen pertsona gehien

Eustatek bildutako datuen arabera, hildakoen batez besteko adina 81,3 urtekoa izan zen, eta heriotzen laurdena baino gehiago (6.378) tumoreek eragin zuten. Araban hazi zen gehien heriotza kopurua.

Argazkia: EITB Media
Argazkia: EITB Media
Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24.194 pertsona hil ziren EAEn 2022an, aurreko urtean baino % 4,9 gehiago. Pandemia aurreko urtearekin (2019) alderatuta, berriz, % 12,2 egin zuten gora heriotzek, eta pandemiaren urteko (2020) datuak kontuan hartuta, 53 heriotza gutxiago izan ziren iaz. Batez ere, uztailean igo zen heriotza kopurua; hilabete horretan, % 29,6ko igoera izan zuten heriotzek. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak "Heriotzen Estatistika 2022" txostenean bildu ditu datuok.

Azterketaren arabera, 12.330 emakume eta 11.846 gizon hil ziren joan den urtean, eta horien batez besteko adina 81,3 urtekoa izan zen. Hamar urte lehenago, 78,9koa zen batez besteko adina (2,4 urte gutxiago). Gizonen kasuan, 2022an hil zirenen batez besteko adina 78,1 urtekoa izan zen, eta emakumeena, 84,4koa. Bestalde, 100 urte baino gehiagoko 521 pertsona hil ziren. Haurren hilkortasunari dagokionez, berriz, urtebetetik beherako 41 haur hil ziren EAEn.

Heriotzen kausei erreparatuta, iaz tumoreak izan ziren heriotzen laurdena baino gehiagoren (% 26,4) eragileak. Zirkulazio-sistemako gaixotasunak (% 23,8) eta buruko nahasmenduak daude ondoren (% 8,2). Hor ere, aldeak daude sexuen artean; gizonen kasuan tumoreak izan ziren heriotza-kausa nagusia, baina emakumeen artean, gaixotasun kardiobaskularrak. Halaber, gizonak baino emakume gehiago hil ziren buruko nahasmenduen eta portaeraren nahasmenduen eraginez.

Lurraldeka, Araban igo zen gehien heriotza kopurua iaz: 3.170 heriotza izan ziren lurralde horretan, aurreko urtean baino % 6,7 gehiago. Bizkaian 13.152 heriotza (% 5,3 gehiago) izan ziren, eta, Gipuzkoan, 7.872 (% 3,3 gehiago).

Covid-19ak eragindako heriotza kopurua ere zenbatu du Eustatek. Horren arabera, iaz izandako heriotzen % 7,1 eragin zituen covid-19ak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Euskal Estatistika Erakundea gaur