Gizartea -
Parrizidio saiakera
Fiteron amak zauritutako hiru umeek hobera egin dute
3 eta 9 urteko haurrek ZIUan jarraitzen dute, baina aurki azken hori gela arruntera eramatea espero da; 5 urteko alabari laster emango diote senda agiria. Emakumeak, ordea, okerrera egin du azken orduetan, eta ZIUan dago. Dena dela, bere bizia ez dago arriskuan.
Agentziak | EITB Media
Ama batek substantzia toxikoren bat emanda eta arma zuriz eraso eginda Fiteron (Nafarroa) zauritutako hiru umeek hobera egin dute azken egunetan. Emakumeak, ordea, okerrera egin du azken orduetan, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dago. Nolanahi ere, amaren bizia ez dago arriskuan.
Ikerketaren iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, emakumea Tuterako Reina Sofia ospitalean artatu zuten aurrena, baina gero, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Larunbat iluntzean okerrera egin zuen eta ZIUan ingresatu zuten; han dago ordutik.
Seme-alabei dagokienez, txikiena, hiru urteko mutila, larri dago, baita nagusiena ere (bederatzi urteko semea). Biak ZIUan daude ingresatuta, baina espero da nagusiena aurki gela arruntera eramango dutela. Bost urteko alabari, aldiz, laster emango omen diote senda agiria.
Emakumearen osasun egoera dela eta, ezin da jakin noiz igaroko den epailearen aurrera.
Parrizidio saiakera ostegunean jazo zen Fiteroko Kale Nagusiko etxebizitza batean.