Gizartea -
BAIONA
Leon erregea balkoira irten, baionarrei giltzak eman eta festa lehertu da
Lapurdiko hiriburura joatekoa den orok kontuan izan behar du greba egitekoak direla bertako autobus gidariak, Txik Txak zerbitzuko langileak, eta hortaz eragozpenak egon daitezkeela. Iaz 1.200.000 festazale gerturatu baziren, aurten 1.500.000 batzea aurrikusten dute.
EITB MEDIA
Leon erregea Herriko Etxeko balkoira atera da eta urteroko legez hiriko giltzak jendetzara bota ondotik, festa lehertu da Lapurdiko hiriburuan igandera bitartean.
Iaz 1.200.000 festazale gerturatu baziren, aurten 1.500.000 batzea aurrikusten dute.
Arratsaldean festa alternatiboei hasiera eman diote Patxa plazan, Baiona Ttipian.
Baionara joatekoa den orok kontuan izan dezala greba egitekoak direla bertako autobus gidariak gaur goizean hasita, Txik Txak delako zerbitzu publikoko langileak, alegia, eta eragozpenak egon daitezkeela.
Joseba Erremundeguy Baionako hautetsiak Euskadi Irratian azaldu du grebaren arazoa lehenbailehen konpontzea espero dutela eta horretan ari direla. Dena dela, jaietara joan nahi duenak aurrez garraioari buruzko informazioa ondo begiratzeko deia luzatu du.
Bestalde, aurten ere Baionako bestetara doazen bisitariek sarrera ordaindu beharko dute. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da, eta bildutako dirua segurtasun gastuak arintzeko erabiliko du Udalak, baita prebentzio neurriak bermatzeko ere.
Hautetsiak azaldu du guztia prest dagoela jaia lehertzeko, eta jai giroaz gozatzeko eta ondo pasatzeko deia egin du, baita egitarau kultural zabalari erreparatzeko gonbita egin ere.