Gizartea -
Osasuna auzia
Txuma Peralta Osasunako zuzendari ohia aurkitzeko agindua eman dute, kartzelan ez delako sartu
Archanco, Peralta, Bandres eta Angel Vizcay Osasuna auzian auzipetu zituzten partidetan iruzurra egiteagatik, eta bidegabeko jabetzea, dokumentuak faltsutzea eta kirol-ustelkeria egotzita zigortu zituzten.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak Txuma Peralta Gracia Osasunako zuzendari ohia aurkitzeko agindua eman du, berehala espetxeratu dezaten. Izan ere, gaur goizeko 12:00etan amaitu da hilaren 18an espetxean borondatez sartzeko emandako epea.
Ebazpen judizialaren arabera, Auzitegiak "bere abokatuen bidez jakin du" Peralta, 5 urteko kartzela-zigor irmoa duena, Valentzian dagoela.
Gaur goizean bertan, Auzitegiko Bigarren Sekzioak jakinarazi du ez duela atzeratuko hiru zigortuen espetxeratzea, Miguel Archanco Taberna Osasunako presidente ohia eta Sancho Bandres Ardanaz eta Jesus Peralta Gracia zuzendari ohiak.
Archancok eta Bandresek espetxeratzeko aginduak jaso dituzte, baina ez Peraltak, ez baita agertu.
Peraltak eskatutako atzerapenerako alegazioei dagokienez, epaileek ebazpen horretan adierazi dute planteatutako arrazoi medikoak "ez direla nahikoak".
Aurkeztutako txosten medikoetatik, Auzitegiak zehaztu zuenez, ezin da esan zigortua "gaixotasun oso larri eta sendaezinak dituenik".
Archanco, Peralta, Bandres eta Angel Vizcay gerente ohia (azkena kartzelan sartu da, borondatez), Osasuna auzian auzipetu zituzten, partidetan iruzurra egiteagatik, eta bidegabeko jabetzea, dokumentuak faltsutzea eta kirol-ustelkeria egotzita zigortu zituzten.
Auzitegi Gorenak kasua berrikusi ondoren, zigorrak 5 urteko espetxealdian geratu ziren Archanco eta Peraltarentzat, 5 urte eta 7 hilabetekoa Vizcayrentzat eta 4 urtekoa Bandresentzat.