Gizartea -

Narkotrafikoa

Euskal patroi batek gidatutako belaontzi bat atzeman dute Kantauri itsasoan, kokaina kantitate handiarekin

Lau tripulatzaileak atxilotu dituzte. Bi tona kokaina (70 milioi euro inguru balio du) aurkitu dituzte, nazioarteko uretan.

Belaontzia, Santanderko Portuan. Argazkia: EFE
Belaontzia, Santanderko Portuan.
Bi tona kokaina konfiskatu dituzte belaontzi batean Santanderretik 25 miliara, Kantabriako handiena

0:43

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Aduana Zaintzeko Zerbitzuak bi tona kokaina zeramatzan belaontzi bat geldiarazi du Kantauri itsasoko nazioarteko uretan, Kantabriatik 30 itsas miliara, Europa Press agentziak jakinarazi duenez. Drogaren pisua baieztatzeko badago ere, Iberiar penintsulako iparraldeko kostalderako "historikoa" da atzemate hori.

Patroia espainiar nazionalitatea eta euskal jatorria duen gizonezko bat da. Erresuma Batuko bandera duen Night Falls belaontziko lau tripulatzaileak atxilotu dituzte, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren laguntzarekin, Alcaravan I patruila-ontzia hurbildu ostean. Laurek karga hori zeramatzatela onartu dute eta ez diete aurre egin.

Ontziak zeramatzan droga kopurua "itzela" da, 70 milioi euroko baliokoa, Miguel Carcaba Zerga Administrazioko Estatu Agentziak inguru horretan duen ordezkari bereziak azpimarratu duenez.

Atzeman ostean, Santanderko badiako Maliañoko kaira eraman dute belaontzia, eta bertan aztertuko dute karga, Auzitegi Nazionalak baimena eman ostean. Ontzia Erresuma Batutik irten zen, hiru hilabete zeramatzan bidaian, eta Erresuma Batuko agintariek eman zieten horren berri Espainiakoei.

Belaontzia gauez nabigatzen ari zen, itsaso zabalean, argirik gabe eta eguraldi txarra izan arren. Aurkitu zutenean, geldirik zegoen, beste ontzi batzuen zain ziurrenik, droga deskargatu eta ebakuatzeko; izan ere, hori da kokaina Hego Amerikatik edo Karibetik garraiatzen duten ontziek egiten dutena.

Hala ere, Zerga Agentziaren arabera, operazio horiek oso apartekoak dira kostaldetik gertu dauden uretan, nazioartekoak izan arren, drogaren "ohiko sarbideak" beste batzuk baitira (Galizia, Espainiako Sortaldea edo Gibraltarko itsasartea).

Carcabaren esanetan, ohiko ibilbideak erabili beharrean, "ur lasaiak" erabiltzen hasi omen dira trafikatzaileak, eta Kantauriko kostaldera hurbildu dira. "Ez gaude ohituta horrelako operazioetara, ezta gutxiago ere", nabarmendu du. "Horrelako mafiek sistemaren zuloak baliatzen dituzte", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Kantauri itsasoa