Gizartea -
ARABA
Aurrekari ugari dituzten bi gizon atxilotu dituzte Lantziegon 98 etxetresna zeramatzan kamioia lapurtzeagatik
Etxetresnaz betetako kamioia, erremintak eta 3.500 kilo kobre (guztira, 52.000 euroko balioa) ostea egotzi zaie. Aurrez beste 23 aldiz hartu dituzte atxilo hainbat delitu leporatuta, eta kasu guztietan karguekin baina aske geratu dira.
EITB Media
Guardia Zibilak aurrekari ugari dituzten bi gizon atxilotu ditu Errioxan, indarkeriaz egindako lapurreta, ebasketa, higiezinaren usurpazioa eta droga-trafikoa delituen ustezko egile direlakoan.
29 eta 36 urteko gizasemeak "segurtasun indarren aspaldiko ezagunak dira, delitu ugari leporatzen baitzaizkie", Guardia Zibilaren arabera. Zehazki, bien artean 53 delitu, 23 atxiloketa, bost inputazio eta 63 isun administratibo dituzte atzetik.
Azken lapurreta Lantziegon (Araba) egin zuten, iturrion arabera. Berri-berriak ziren 98 etxetresna zeramatzan (hozkailuak, ke kanpaiak, ontzi garbigailuak, garbigailuak, batidorak eta bitrozeramikak) kamioi bat, balio askoko erremintak, katalizadoreak eta 3.500 kilo kobre ebatzi omen zuten Arabako udalerri horretako enpresa batean. Guztira, 52.000 euroko balioa dute elementuok.
Guardia Zibilak ekaina erdialdean abiatu zuen ikerketa, ezezagunek Albelda de Iregua eta Entrena herrietan (Errioxa) bi orube usurpatu zituztela jakin ostean. Han topatu zituzten aipatu etxetresnak, erramintak eta kamioia (matrikula gabe).
Agenteek ondorioztatu zutenez, Guardiako Ertzaintzaren komisaria batean salatutako indarrez egindako lapurreta batean ebatzi zituzten gaizkileek.
Aurrez 53 delitu egotzi dizkiete
Ustezko lapurrak identifikatu eta atxilotu ostean, epaileak aske utzi zituen.
Guardia Zibilaren arabera, "lapurreta da euren bizimodua". Izan ere, horietako bat handik gutxira, uztailaren 21ean, atxilotu zuten lapurreta egotzita. Orduan ere aske utzi zuten.
Aurretik, maiatzean, beste gizona indarkeria matxistagatik atxilotu zuten. Bikotekide ohia modu oso bortitzean kolpatzea egotzi zioten, baina beste behin, libre geratu zen. Bada aske geratu eta sei ordura, Guardia Zibilak berriro atxilotu zuten, oraingoan droga trafikoa leporatuta. Kasu honetan ere libre utzi zuen epaileak.