Gizartea -

indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa gaur 02:00ak aldera izan da, Santiago Ospitalearen inguruetan, Andre Mari Zuriaren jaien lehen gauean.

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

49 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur, larunbata, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaien lehen gauean. 

Ertzaintzak prentsa ohar baten bidez zabaldu duenez, erasoa 02:00ak aldera izan da gaur, Santiago Ospitalearen inguruetan. Ertzainek gizonezko bat ikusi dute korrika, atzean zenbait pertsona zituela segika eta oihuka. Agenteek gizonezkoa atzeman eta gertatutakoaren berri izan dute.

Biktimak eta bertan zeuden hainbat lekukok gertatutakoa azaldu, eta agenteek gizonezkoa atxilo eraman dute ertzain-etxera, dagokion ikerketa egiteko.

Espero da datozen orduotan epailearen aurrera eramatea.

Udalak bere laguntza osoa eskaini dio biktimari

Hiriko Udalak laguntza eta hurbiltasuna eskain dio biktimari, eta eraso matxista gaitzetsi du. Ohar batean adierazi duenez, gogor gaitzetsi eta arbuiatu du erasoa, eta  laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen dizkiogu hala biktimari, nola biktimaren inguruari, eta beren eskura jartzen behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak nahiz babes- eta harrera-baliabideak, beren interesei eragiten dien informazio guztia eduki dezatela bermatzearekin bat".

Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzuna emateko Protokoloa aktibatu du, eta premiazko bilera bat deitu du informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimarentzako eta haren ingurukoentzako arreta koordinatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa