Gizartea -
HILKETA
Daniel Sancho gazte espainiarra espetxean sartu dute Thailandian, hilketa leporatuta
29 urteko gizonezkoari Edwin Arrieta Arteaga zirujaua hiltzea leporatzen diote. Gaztearen familiak oharra kaleratu du, bereziki hedabideei "aurretiazko epaiketarik ez" egiteko eskatuz.
Agentziak | EITB MEDIA
Larunbat arratsaldean zabaldu zen albistea. Daniel Sancho, Rodolfo Sancho aktore espainiarraren semea, atxilotu zuten Thailandian, Edwin Arrieta Arteaga Kolonbiako zirujau plastiko ezaguna hiltzea egotzita. Handik gutxira, Sanchok berak aitortu egin zuen hilketa.
Thailandiako Poliziak jakitera eman duenez, gaur goizean Thailandia hegoaldeko Koh Phangan uharteko komisariatik Koh Samuira eraman dute 29 urteko espainiarra, han epailearen aurrean deklaratzeko. Aipatu iturrien hitzetan, Sancho "hilketa argitzen laguntzeko prest" agertu da "une oro". Deklarazioa hartu ostean, epaileak espetxera bidali du, eta han egon beharko du, epaiketa hasi bitartean. Lehen hamar egunetan isolatuta egongo da, covid-19aren protokoloa dela eta. Tarte horretan bere abokatuaren bisita bakarrik jaso dezake.
Arrieta medikuaren gorpua zatikatu egin omen zuten, eta lehen arrastoak ostegunean aurkitu zituen Thailandiako Poliziak Koh Phanganen. 44 urteko zirujaua kolonbiarra zen, Cordoba departamentukoa.
EFE albiste-agentziak igandean elkarrizketa egin zion telefonoz Daniel Sanchori, eta hark aitortu egin zuen hilketaren egilea zela: "Erruduna naiz, baina Edwinek bahituta ninduen. Kaiola batean bahituta nengoen, kristalezko kaiola bat izan arren".
Poliziak hilketari buruz egindako lehendabiziko txostenaren hainbat xehetasun zabaldu dira azken orduotan. Bertan zehazten denez, Sancho uztailaren 31n iritsi zen Koh Phanganera, eta hainbat labana eta zabor-poltsa erosi zituen egun horretan bertan. Arrieta, berriz, abuztuaren 2an iritsi zen. Itxuraz, opor-egun batzuk elkarrekin igaro behar zituzten. Joan den ostegunean, espainiarra bera izan zen Arrietaren desagerpena salatu zuena Koh Phangan uharteko komisarian.
Sanchoren familiak agiria kaleratu du, bereziki hedabideei "aurretiazko epaiketarik ez" egiteko eskatuz.