Gizartea -
Uda
Gaur giro eguzkitsua izango da, baina atzo baino tenperatura atseginagoak
Horrela, tenperatura maximoak atzo igotakoa jaitsiko dira: 25 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 30 ºC ingurukoak barnealdean.
EITB Media
Giro eguzkitsua izango da gaur Euskal Herrian, baina atzo baino tenperatura atseginagoak. Beraz, asteazkeneko bero sapa ez da errepikatuko.
Euskalmetek jakitera eman duenez, tenperatura maximoak atzo igotakoa jaitsiko dira: 25 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 30 ºC ingurukoak barnealdean.
Goizean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira isurialde atlantikoan, eta oskarbi egongo da gainerakoan; arratsaldean, berriz, zerua oskarbi geratuko da denean.
Goizaldean, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, batez ere kostaldean, eta iparraldetik finkatuko da goizetik aurrera.
Ostiralean, udako eguraldiak jarraituko du. Zeruan hodei gutxi egongo da, eta, beraz, giroa eguzkitsua izango da egun osoan.
Tenperatura, ostegunekoarekin alderatuta, gradu pare bat igoko da. Haize ahula ibiliko da eta brisa altxatuko da arratsaldean.