Gizartea -

Sutea

Artaxoako eta Mendigorriako sutea "erabat egonkortuta" dago

Arratsaldean egindako hegaldian ez dute surik ikusi, baina kea darien puntuak bai.

Incendio en Artajona.
Incendio en Artajona.
Artaxoako eta Mendigorriako suteak 600 hektarea kiskali ditu, kontrolpean geratu aurretik

0:32

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artaxoan erdigunea duen eremu zabal bati atzotik eragiten dion baso-sutea "erabat egonkortuta" dago, eta suhiltzaileek freskatze-lanetan jarraitzen duten arren, Estatuko Gobernuak emandako aireko bitartekoak kendu dituzte.

Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, 17:00ak aldera, teknikariek ingurua gainbegiratzeko hegaldia egin dute helikopteroz, eta ez dute su-fokurik ikusi. Kea darien puntu batzuk, ordea, badaude oraindik. Hala, lanean jarraitzen dute lurreko bitartekoek, suhiltzaileen hamar bat ibilgailurekin.

Iturri hauen arabera, oraingoz, ez dago argi zein den kaltetutako eremuaren hedadura ezta sua nola hasi zen ere. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Garrak atzo, abuztuak 24, piztu ziren 15:44 aldera, Artaxoa eta Mendigorriako udalerrien artean. Lurraren beroa eta lehortasuna zela eta, Nafarroako Foru Komunitateko baso-suteengatiko Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziaren (INFONA) 2. egoera operatiboa aktibatu zen, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari (MITECO) aireko baliabideak eskatu ahal izateko. Ministerioak FOCA hegazkin anfibioa eta ACO koordinaziorako hegazkin bat bidali zituen.

Horrez gainera, Tafalla, Cordovilla, Lizarra eta Azkoiengo suhiltzaile-parkeetako kideak mobilizatu ziren alerta-gunera. Halaber, bi helikoptero, Noainen eta Agoncillon (Errioxa) basea zuten bi karga-hegazkin, Ingurumeneko Basozainak eta Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren patruilak bertaratu ziren.

Atzo arratsaldeko azken orduan sutea inguratzea lortu zuten. Orain, freskatzeko eta errematatzeko lanetan jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak