Gizartea -

Rubiales auzia

Kirol Kontseilu Gorena: 'Parekotasunari buruzko araudi berria 2024ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean'

Koalizioak egungo zuzendaritza batzordea desegin eta legea betetzeko izan beharko lukeen parekotasuna betetzen duen beste bat izendatzeko eskatu du. Gainera, Icetari eskatu dio kirol legeak aurreikusitako araudia aurkezteko, zigorrak jarri ahal izateko.

Federazioaren ezohiko batzarra, aurreko astean. Argazkia: EFE
Federazioaren ezohiko batzarra, aurreko astean.
Federazioaren ezohiko batzarra, aurreko astean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sumar koalizioak Espainiako Futbol Federazioaren aurkako salaketa aurkeztu du Kirol Kontseilu Gorenean, parekotasuna ez errespetatzeagatik; izan ere, "20 kideetatik bi baino ez dira emakumeak". Kirol Kontseilu Gorenak arratsaldean emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, legez, zuzendaritza guztiek "gutxienez % 40ko parekotasuna izan beharko dute beren erakundeetan", eta "ez lehenago".

Yolanda Diazek zuzentzen duen koalizioaren arabera, "emakumeen eta gizonen arteko desproportzioa ez da Zuzendaritza Batzordera mugatzen, Federazioaren organo guztietara iristen da, eta patologia hori ezin da puntualtzat edo koiunturaltzat hartu, sistemikotzat baizik".

Federazioaren egungo egitura "inpugnatu" egin daiteke, Sumarren ustez, legearen aurkakoa delako, eta "lehenbailehen eguneratzeko" galdegin du. Koalizioak egungo zuzendaritza batzordea desegiteko eta legea betetzeko izan beharko lukeen parekotasuna betetzen duen beste bat izendatzeko eskatu du.

Sumarren esanetan, 38 emakume baino ez daude Federazioko 411 kideen artean, hau da, langileen % 9, eta, "horrela, legea urratu egiten da".

Gainera, Ernest Urtasunek prentsaurrekoan esan duenez, koalizioak gutun bidez eskatu dio Miquel Iceta Kultura ministroari kirol legeak aurreikusitako araudia aurkezteko, zigorren erregimena aplikatu ahal izateko.

Sumarren bozeramailearen arabera, zigor horiek oraindik ez daude indarrean, araudi hori garatzea falta delako. "Araudi hau lehenbailehen aurkezteko eskatu diogu Icetari, zehapen erregimena lehenbailehen indarrean egon dadin", esan du.

Horrela, zehapenak ezarri ahalko dira parekotasuna ez errespetatzeagatik edo Berdintasun Ministerioaren txostenak ez betetzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sumar Mugimendua