Gizartea -
RUBIALES AUZIA
Rubiales auzia "inflexio puntua" izatea espero du NBEk, kirol arloko sexu abusuen aurkako borrokan
NBEren Giza Eskubideetarako goi ordezkariak bere babesa helarazi dio Jennifer Hermoso futbolariari, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak baimenik gabe musu eman ziolako.
AGENTZIAK | EITB Media
Rubiales auziak eragindako erreakzio sokak ez du etenik, eta gaur Nazio Batuen Erakundeak bere iritzia eman du. Volker Turk Giza Eskubideetarako goi ordezkariak, lehenik eta behin, bere babesa helarazi dio Jennifer Hermoso futbolariari, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak baimenik gabe musu eman ziolako. Halaber, kirol arloko sexu abusuen aurkako borrokan "inflexio puntua" izatea espero duela esan du.
"Emakumeek jazarpenari eta sexu abusuei aurre egin behar diete. Guztion ardura da salatzea eta horien kontra borrokatzea", adierazi du Turkek X sare sozialean ingelesez argitaratutako mezu batean.
"Bat egiten dugu Jenni Hermosorekin eta kiroleko abusuekin eta sexismoarekin amaitzeko lan egiten duten guztiekin", idatzi du #SeAcabó traolarekin batera.